Maratila

Iruditzetik izatera

Ane Muñoz.
2011ko azaroaren 4a
00:00
Entzun
Lagun batek Atlantikoaren beste aldetik bidali berri didan gutun kezkagarriak behin eta berriro baieztatzen du kontu handia izan behar dugula Interneten aurkitzen dugunarekin.

Diru pixka bat aurreztuta eta langabezian egonda, aspaldiko ametsa betetzeko garaia iritsi zela pentsatu zuen. Erdialdeko Amerikako gune txiro eta baztertu batean umeekin lan egiteko boluntario atzerritarrak eskatzen zituen webgune batekin hunkituta, han joan zitzaigun, poz-pozik, eskola bateko ume eta ez hain umeak musu truk alfabetizatu eta merezitako heziketa ematen laguntzera.

Iritsitakoan aurkitutakoak, ordea, ez du zerikusirik. Hasteko, fundazioaren egoitza luxuzkoa omen da, bereziki garbia eta denetarik duena. Umeak goizeko zazpietan iristen direnean, banan-banan aldatu, dutxatu, lehortzen lagundu, jantzi, ipurdi aldeak ondo garbitu, negarrak hala nola isiltzen saiatu, ilaran jarri eta ieup, gosaltzera. Hortik berriro komunera, hortzak garbitu eta jolastera, pixa, fruta, pixa, siesta, pixa, jogurta… horrela dabil laguna, egunero, arratsaldeko hirurak arte. Tira, ez legoke gaizki umeok benetan txiroak balira, gaixorik edota baztertuak baleude, baina keba, gehienak bertako langileen seme-alabak omen dira. Haien gurasoek ehunka hektareako lur eremu zoragarri batean lan egiten dute, mundu osoan saltzeko loreak landatzen. Bestetik, boluntarioak ez diren langileei oso gutxi ordaintzeaz gain, ume bakoitzagatik 30 dolar inguru kobratzen dute. Imajinatu.

Lagun gajoak erkidego txiro batera joanaz lagungarri sentitu nahi bazuen, eta elkartasuna adierazi, ez ahal diote Aginagako izenez Frantziatik ekarri!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.