Komunikazioa

Irulegiko Irratiak kultur ekitaldiekin ospatuko du bere 30. urteurrena

Igandean 'Bai dantza klask' ikusgarria izanen da Aiziritzen, eta hilaren 26an, bi antzezlan Donibane Garazin

Kattalin Indaburu Irulegiko Irratiko esataria, Donibane Garaziko estudioan. SINADURA / AGENTZIA.
urtzi urkizu
2011ko azaroaren 15a
00:00
Entzun
Nafarroa Behereko euskaldunentzat lanean, 1981ko azaroan hasi zen Irulegiko Irratia. 30 urte joan dira ordutik, eta euskarazko irratiak sorrerako helburuak betetzeko asmoarekin jarraitzen du: batetik, Euskal Herri barnealdeko bizia sustatzea, komunikazio tresna parte-hartzaile baten bidez, eta bestetik, kinka txarrean den euskarari merezi duen premiazko tokia ematea komunikabideetan.

Herritarrek sortu zuten Irulegiko Irratia. Eta aurreneko etapan Irulegiko arditegi batean hasi ziren emititzen. «Umorez, ahal eskasez baina gogo betez, abiatu zen abentura handia. 30 urte berantago oraino irauten duena», diote irratiko kideek.

Gaur egun Donibane Garazin dago Irulegiko Irratia, eta denborarekin profesionalizatu egin da. Hamar langile ditu irratiak, baina nabarmentzekoa da dituen 60 laguntzaileak: herrietako berriketariak, kiroletako kolaboratzaileak, kronika egileak...Gainera, irratia 300 herritarrek laguntzen dute diruz urtero.Guztiei esker, denetariko programazioa egiten dute. Xiberoko Botza, Gure Irratia eta Antxeta irratiarekin batera, era berean, Euskal Irratiak federazioaren parte da Irulegiko Irratia. Euskal Irratiak duen programazioan entzun daiteke Irulegiko Irratia. Aurten berrikuntzen artean Jokoz kanpo kirol saioa aipa daiteke.

Aurrera begira Irulegiko Irratiko kideek ez dute etsitzeko asmorik: «Irratiak badu zer egin, eta gogo handiz segituko dugu aitzina, zailtasunak gainditzen entseatuz, diru egoera arrangura nagusia baitugu euskaraz aritzen garen irrati elkarteek».

Bi hitzordu nagusi

Irulegiko Irratiak, Oihartzuna elkartearen bitartez, bi kultur ekitaldi antolatu ditu 30. urteurrena ospatzeko. Batetik, igande honetan Bai dantza klask ikusgarria izanen da Aiziritzeko gelan, 15:30ean. Dantza herrikoi eta modernoak nahasten ditu ikuskizunak, antzerkia eta kantua sartuz. Ondotik taloa jateko eta edatekoa izanen da.Hilaren 26an, berriz, Donibane Garaziko Vauban gelan bi antzezlan izanen dira, 21:00etatik aurrera. Batetik, Pantxo Hirigaraik eta Kike Amonarrizek Bidaso, biga so, Ipar irriak eta hego erak lan interaktibo eta umoretsua aurkeztuko dute. Bestetik, Arantxa Hirigoienek eta Maialen Fauthouxek Tripakiak antzezlana egingo dute. Haurdunaldiaren inguruko komedia da hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.