Kasik bost hilabete. Oraindik asko falta dela dio egutegiak, baina besterik esaten du Iruñeko giroak. Joan ziren urtarrilaren 1a eta otsailaren 2a, eta berehala dator martxoaren 3a. Hasia da atzerako kontua, eta sanfermin hotsak suma daitezke han-hemenka jadanik. Aspaldi ahaztuta zegoen doinu bat dakarte, gainera, aurtengoek: Astrainen balsa; uztailaren 6an ospatu ohi zen Riau-riaua, alegia. Orain dela hogeita bat urte antolatu zuen ekitaldi hori Iruñeko Udalak azkenekoz. Herritarrek, berriz, berreskuratu egin zuten ohitura, 1997an, eta udal agintaririk gabe ospatu da geroztik. Baina, aurten, balsa berriz ere programa ofizialean sartzeko proposamena egin dio Enrique Maia alkateak festak antolatzeko biltzen den mahaiari, eta aho batez onartu dute denek egitasmoa. Izan ere, peñek urteetan aldarrikatu dute Riau-riaua itzultzea.
1914an egin zen lehenengoz Riau-riaua, uztailaren 6an, bazkalondoan, eta urtero berritu zuten ohitura gerora iruindarrek. Miguel Astrain musikariaren doinuak lagundurik, udaletxetik San Fermin kaperaraino laguntzen zituzten udaleko ordezkariak. Bostehun metro, orotara. Dena den, protesta egiteko modu bat ere bazen, eta, urteekin, agintariei gero eta zailago egiten zitzaien kaperaraino heltzea, plazan dantzarako biltzen zen jendetzagatik. Ez zieten udal ordezkariei berehalakoan pasatzen uzten. 1980an, esaterako, bost ordu eta 25 minutu behar izan zituzten kilometro erdia egiteko, eta 181 aldiz jo zuen udal bandak Astrainen musika. Beste batzuetan, bertan behera ere utzi zuten txangoa, eta, 1991n, istiluak izan ziren. Orduan utzi zion udalak ekitaldia antolatzeari.
Festari herrikoi eutsi beharra
Ekitaldia berreskuratzen saiatu ziren1996an berriz, baina ez zuen arrakastarik izan. Tentsio handia izan zen. 1997an, ordea, Mutilzarra peñakoek antolatu zuten Riau-riaua, udal ordezkaritzarik gabe: herritarrak eta balsa. Gerora, Ioar izeneko erretiratu elkarteak hartu zuen bere gain antolatzeko ardura, eta indarra hartuz joan zen urtez urte; orain, jendetza biltzen du urtero. Hasieratik izan du herritarren onarpena, eta halako onarpen ofizialago bat ere irabazi du, gainera, denborarekin. 2006az geroztik, Pamplonesa udal banda eta Iruñeko Erraldoi eta Buruhandien konpartsak ere parte hartzen dute herri ekitaldiz berreskuraturiko festa horretan. Baina, aurten, berriz ere programa ofizialera itzuliko da, okerrik ezean.
Sanferminak antolatzeko mahaiko kide guztiek ontzat jo zuten ekitaldia berreskuratzea; alderdi politikoek, kultur elkarteek eta baita peñek ere. Proposamen bat ere egin zuen David Castillo peñen ordezkariak: «Alderdi edo erakunde batek ere ez luke garaipen propiotzat aldarrikatu behar Riau-riaua berriz ere programa ofizialean egotea. Jatorriz, herrikoia izan da festa, eta hala izan behar luke gerora ere». Horregatik, peñek proposatu dute ahalik eta ordezkaritzarik zabalena egon dadila Riau-riauaren mahaian.
Iruñeak berriz Riau-riau
Orain hogeita bat urte antolatu zuen azkenekoz Iruñeko Udalak Riau-riaua, baina ohitura berreskuratzeko proposamena egin du orain sanferminak prestatzeko mahaian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu