Uztailaren 6tik aurrera sanferminik ez da izanen Iruñean, baina hiriburuko peñek ez diote kritika eta satira publikoki agertzeko aukerari muzin egin. Oihalik ez da aterako karriketara aurten, baina pankartak aurkeztu dituzte: pankarta digitalak. "Peñen ezaugarri nagusietako bat dira, eta ez genituen herritarrak hori gabe utzi nahi. Behintzat formatu digitalean atera nahi ditugu, urte bitxi hau ez ahazteko", azaldu dute Iosu Sanchez Iruñeko Peñen Federazioko presidenteak eta Rakel Arjol federazioko Talde Feministako bozeramaileak. Bertatik bertara ere ikusi ahalko dira marrazkiak Plazara zentroan, baina soilik asteburu honetan: ostiraletik igandera.
Sanferminetako mahaia ikus liteke zenbait pankartetan, eta hori hizpide izan dute federazioko kideek. Hala, Sanchezek eta Arjolek eskua luzatu diote Iruñeko Udalari heldu diren urteetako bestak antolatzerakoan elkarlanean aritzeko. "Sanferminetako mahaiari dagokion garrantzia eman behar zaio, ezin du egon garaian garaiko alkatetzaren esku", ohartarazi dute. Udalari egindako kritikekin batera, peñetako bazkideei eta herritarrei dei egin diete uztailaren 6tik 14ra "zuhurtziaz" eta "zentzuz" joka dezaten.
Maskarak, txertoak, segurtasun distantzia, etxeratze agindua... Pandemia izan da aurtengo gai nagusia. Hala ere, ez da gai bakarra izan. Iruñeko Udalari kritika egiteko baliatu dute peñek oihal digitalen bozgorailua, eta sanferminen ordez antolatuko diren hipika eta xake txapelketak ekarri dituzte haien marrazkietara. Politikarien artean, Enrique Maia Iruñeko alkatea, Maria Txibite Nafarroako lehendakaria eta Santos Indurain Osasun kontseilaria dira nagusi. Kanpora eta barrura begira aritzen dira peñak: Palestinari erreferentziak ageri dira zenbait marrazkitan, baita auzoetako auziei buruzkoak ere. Euskarak, Aroztegiko proiektuak, euskal presoek eta bestelako gizarte auziek ere badute tokia aurten.