Jaiak. Atarrabia

Iruñerriko azken jaiak

Gaur botako dute txupinazoa Atarrabian, udaletxetik, eta hurrengo igandera arte ospatuko dituzte festak

Erraldoiak kalean, Atarrabiako jaietan. OSKAR MONTERO.
Iruñea
2012ko urriaren 6a
00:00
Entzun
Negua hasi aurretik Iruñerrian ospatzen diren azken jaiak hasiko dituzte gaur, Atarrabian. Ez nolanahiko festak, gainera. Gaur hasi eta heldu den igandera arte, festan murgilduko da Iruñea ondoko herria. Krisi ekonomikoa tarteko, joan den urtean baino aurrekontu txikiagoa izan du aurten udalak festak antolatzeko, baina eutsi egin diote festen iraupenari. Eskaintza murriztu arren, egunero eskaintza zabala du festazaleak. Ongi pasatzeko aukerarik ez da faltako, beraz.

Eguraldi ona lagun, eguerdiko hamabietan Sokorro Arrasate udal langileak piztuko du festak iragartzen dituen suziria. Festak antolatzen dabiltzan taldeek proposatu zuten suziria pizteko ohorea udal langileei eskaintzea, eta lan hori Arrasateri egokitu zaio. 1978. urtean hasi zen udalean lanean. Hogeita hamabost urte hauetan, udal eskoletako garbitzaile izan da, eta oso pozik dago gaur egokitu zaion lanarekin. «Aurrez aurreko sentimenduak ditut. Oso kontent nago. Ohorea da zure herriko jaietan suziria botatzea». Gaurko ekitaldian, festazaleak ez eze, krisiagatik lanik gabe daudenak izanen ditu gogoan Arrasatek. LAB sindikatuko ordezkaria da udalean, eta urtetan borrokatutako langileen eskubideak nola deusezten ari diren ikustea tamalgarria da. «Badakit jendeak parranda egin nahi duela, baina langabezian daudenak ere gogoratu nahi ditut», arrazoitu du Sokorro Arrasatek.

Bigantxarik ez

Udalean bertan ari dira nozitzen krisia. Horren adierazgarri da festetarako aurrekontuak izan duen jaitsiera. Atarrabiako festen aurrekontua urtez urte murriztuz doa. 100.000 eurora murriztu zuten 2010ean, eta 92.000 eurora jaitsi zen iaz. Aurten, 76.000 euroan utzi dute. Halere, pozik hitz egin du Kirio Gastearena alkateak, ekitaldi batzuk kendu arren festa egunei eusten dietelako. «Ez gaude egoerarik onean, baina jai onak prestatzen saiatu gara. Iazko programaren antzekoa dugu aurten ere».

Salbuespenak salbuespen, eutsi egin diote haurrentzako ekitaldien kopuruari eta herriko elkarteekin zituzten hitzarmenei. Aldaketa nabariena bigantxen saioak desagertzea izan da.

Afera asko aztertu ondoren, aurten ez da bigantxarik izanen. Herrian bigantxak askatzeko jartzen zuten hesiak ez du betetzenjoan den ekainean Nafarroako Gobernuak onartutako araudia. Taulak eta hesiak indartuz ere, udal arkitekto-laguntzaileak ondorioztatu zuen udalak ez zuela legea betetzen. Legea betetzeko, 20.000 euro behar ditu udalak, eta krisi garaiotan diru hori lortzea ezinezkoa zaio. «Udalak ez du diru hori. Araudia oso zorrotza da, eta hesiak indartuta ere, ez dugu legea betetzen», azaldu du alkateak. Oposizioaren kritikak ere jaso dituzte egitarautik bigantxak kentzeagatik. Azken hogeita hamabost urtetan izaten ziren bigantxak Atarrabian, eta ohitura horri eutsi egin behar zaiola uste dute beste alderdiek.

Bigantxarik izanen ez den arren, beste edozertarako tartea izanen da Atarrabian hurrengo zortzi egunetan. Asteburuetakoak dira programaren egunik beteenak. Aurten, gainera, bi asteburu dituzte jaietan ibiltzeko. Iruñetik eta ondoko herrietatik joaten diren bisitariei esker, herria festazalez betetzen da. Aste barruan, lasaiago ibiliko dira herritarrak, baina, halere, izanen dute non gozatua. Txarangak, bazkariak, kontzertuak eta haurrentzako tailerrak daude iragarrita. Orotariko ekitaldiak prestatu ditu udalak, baita mozorro lehiaketa bat ere astelehen gauerako.

Dantzaldiak izanen dira gauero, asteazkenean izan ezik. Kirolak ere izanen du bere tartea. Asteartean, esaterako, pilota partida ugari izanen da. Jaialdi mistoa antolatu dute. Batetik, eskuz binakako pilotan, Patxi Eugi eta Goñi III.a arituko dira Mikel Goñi eta Lasa III.ren aurka. Eta bestetik, Urriza eta Ion erremontean ariko dira Zeberio II.a eta Etxeberria II.ren kontra.

Berrikuntzen artean, asteartean eginen den «txarandukada» dago. Txarangen eta batukaden musika uztartzen dituen ikuskizuna da, eta «jende guztia dantzan jartzea» du helburu. Ostegunerako, berriz, musika eta zirku ikuskizuna eskainiko du Techno Event taldeak, goizaldeko laurak arte. Lau DJ ariko dira musika jartzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.