Sanferminak

Iruñeko peñek kalera aterako ez dituzten pankartak aurkeztu dituzte

Arduraz jokatzeko deia egin du Iruñeko Peñen Federazioak, eta ez dute ekitaldirik antolatuko. Udaletxe eta Gazteluko plazetan jende kopurua kontrolatuko dute uztailaren 6an.

jarraia183415.jpg
Iker Tubia.
2020ko ekainaren 26a
12:19
Entzun

Aurten ez dira kalean gora eta behera dantzan ibiliko Iruñeko peñetako oihalak. Izan ere, ez da sanferminik izanen uztailaren 6tik 14ra. Hala ere, pankartak prestatu dituzte: "Ez genion muzin egin nahi gure pankartak aurkezteari, urte arraro, gogor eta, zentzu askotan, zoritxarreko hau ez dezagun atzendu", azaldu du Imanol Azkona Iruñeko Peñen Federazioko lehendakariak.

Beraz, aurten kalean ez, baina sarean ikusgai izanen dira peñen proposamenak. Ez bakarrik modu birtualean, baita fisikoki ere: astelehen arratsaldean pankarten aurkezpena eginen dute Baluarte jauregian, eta han izanen dira ikusgai uztailaren 23ra bitarte. Normalean oihaletan margotzen dituzte marrazkiak, baina, aurten, olanetan inprimatuko dituzte.

Ardura eta kezka

Gaur goizean egin dute pankarten aurkezpena, Iruñeko Kondestablearen jauregian, eta ospatuko ez diren sanferminen inguruan mintzatzeko aprobetxatu dute. Lorea Irisarri peñetako talde feministako kideak eraso sexistak izan ditu hizpide: "Sanferminak ospatu edo ez, eraso sexistak izan daitezke gure kaleetan. Konfinamenduan ere gertatu dira, inoiz baino ezkutuago, gainera". Beraz, erasoen aurrean adi egoteko deia egin du.

Ardura da gehien aditu diren hitzetako bat. Horregatik, Iruñeko peñek ez dute ekitaldirik antolatuko uztailaren 6tik 14ra, eta jende pilaketak sortu ditzaketen jarduerak baztertu dituzte. Baionako peñekin batera, mezu bat eman nahi izan diete bi hiriburuetako biztanleei: "Bestarako gogoak gorde eta heldu den urtean indar handiagoz ospatuko ditugu".

Gainera, aurten peñek ez dituzte lokalak taberna gisa irekiko. Batzuek erabat itxiko dituzte elkarteak uztaileko egun horietan, eta beste batzuek bazkideak baizik ez dituzte onartuko: "Kezka badugu, baina badago araudi bat baldintza batzuekin. Kontrol izugarria dago, eta uztailean berdin jarraituko dute", azaldu du Azkonak.

Sanferminetako mahaia ere hizpide izan dute, eten honek besten inguruan hausnartzeko balioko duelakoan. Iruñeko Udalak bizkar eman diela salatu du Irisarrik, eta sanferminetako mahaia indartzeko deia egin dio Enrique Maia alkateari, baita erabakitzeko ahalmena handitzekoa ere. "Bestak guzienak dira, eta guzien artean antolatu behar ditugu. Soilik modu horretara izanen ditugu herri besta parekideak".

Erakundeak ere ardura eske

Kezka sumatzen da Iruñeko Udalean uztailaren 6an eta 7an gertatu daitekeenarengatik. Hori dela eta, gaur goizean Iruñeko alkateak agerraldia egin du Maria Txibite Nafarroako lehendakariarekin batera. Bi agintariek "banakoen ardura" eskatu diete herritarrei, eta ekitaldi paralelorik ez dezatela antolatu. Neurriak ere hartuko ditu udalak: kalean mahaiak paratzea debekatuko du, eta uztailaren 6an jende kopurua kontrolatuko du Udaltzaingoak Udaletxe eta Gazteluko plazetan. Bestalde, tabernak dauden kaleetan ere zaintza lana eginen dute.

Txibitek babesa eskaini dio Iruñeko Udalari, bera baita bestak bertan behera uzteko eskumena duena. "Gure helburua da egun hauek edozein egunen ahalik eta antzekoenak izatea", esan du. Hiriaren itxurarekin kezkaturik agertu da Maia: "Uztailaren 6an, eguerdian, Iruñea munduko erdigunea izanen da. Bestak ospatzerik ez izatea oso egoera gogorra da, baina horren aurrean erantzuten eredu izan behar dugu". Gainera, gogora ekarri du COVID-19a ez dela desagertu.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.