Komunikazioa. Uhinetatik tiraka

Iruzurra

Xabier Lasa.
2011ko abenduaren 11
00:00
Entzun
Diskurtsoaren bitasuna.Buru nahasmena galanta daukat nik, eta edukiko dute hainbat entzulek, diala mugitzeko usadio dutenak uneoro. REri kasu eginez gero, bera da Euskadiko irratirik entzunena; Felix Linares eta Almadena Cachoren ahots txit konbentzituek agintzen digute hori. Mezu berbera (azpikoz gora) jasotzen ari gara Ser Euskadi sintonizatu aldiro. EGMren inkestak eskuetan, nahi adina interpretazio egin daitezke. Bale. Kontua da batak nahiz besteak (edota biek) ez digula egia osoa kontatzen, nahita.

Zotz.Irujo-Olaizola finalerako bi sarrerekin zotz egiteko asmoa du EIk, izena eman nahi duten entzuleen artean. Horretarako, bete ezineko zerbait agindu digute entzuleoi, aurrekoetan legez: «Euskadi Irratiak partida ikustera gonbidatzen zaitu», alegia. Iruzurtia da iragarkia, iruzurtia denez, non eta irratiak ez dituen 100.000 sarrera entzule guztion artean banatzeko. Sektore pribatuak bere publizitate marketin erasokorraz nahikoa bonbardatuko ez baligu bezala eguneroko bizitzan.

'Carne cruda'.R3en dagoen irratsaio gomendagarri horietakoa da (astelehenetik ostiralera, 14:00-15:00). Javier Gallego eta haren ordezko Carlos Herranz esatariek kulturgileren bat elkarrizketatzen dute, musikaria dena normalki, ordubetez. Harategiko labana zorroztu eta xerratu egin nahi izaten dute gonbidatuaren pentsamendua nahiz kultur ibilbidea, beronen musikaz horniturik eta irudimenaz beteriko aurkezpen eta galdetegiaren eskutik. Berezia izan da azaroa muguruzatarrentzat, Jabier eta Fermin eraman baitzituzten harategira. Berezia ere izan zen euskal kulturarentzat; deigarriena akaso —estatuko irrati publikoa izateko— Gallegok egin zuen alegatua izan zen, Ferminen adierazpen askatasunaren alde eta egin izan dizkioten zentsuren (erakunde publikoak) eta txistuen (musikarien akademia) aurka. Entzungarri daude R3aren podcast bidez. Irratsaioa nekez hurbildu ohi da euskal kulturgile batengana, baina egin izan duenean, Irungo anaiekin bezala, euskal kulturari buruzko zenbait nozio bere egiteko gaitasuna izan du. Ez gaude ohituta estatutik datozen halako keinuetara, eta barkatu beharko zaie, esaterako, ezin traketsago ahoskatzea «Paradisurako jaioak gara» esaldia, edota Bakartxo izeneko entzuleari izen zaila duela esatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.