Komunikazioa. Ekografiak

Isiltasuna

Jokin Labaien.
2011ko uztailaren 20a
00:00
Entzun
Aurrekariak: 2008ko apirilean Espainiako Poliziak sarekada bat egin zuen, hamar gazte atxilotu eta inkomunikatuz. Guztiek tratu txarrak jasan izana salatu zuten, abokatuarekin egoteko aukera izan zutenean. Beste zazpi gaztek, haien bila ari zirela jakitean, Donostiako auzitegira azaltzea erabaki zuten. Hara bidean atxiki zituzten. Atzo hasi zen Madrilgo Auzitegi Nazionalean gazte errenteriar eta oiartzuarren aurkako epaiketa. Segi gazte erakundeko partaide izatea egozten diete, eta fiskalak zortzi urteko kartzela zigorra eskatzen du haientzat. AVT taldeak, herri akusazio gisa, horietako laurentzat hamabina urteko kartzela zigorra eskatzen du.

Atzokoak: ahozko saioa hamarretan zen astekoa Madrilen. Hamalau agertu ziren bertara, senide eta lagunek babestuta. Gainontzeko hirurak ez ziren epaiketara azaldu. Ordu berean, hainbat eragile politiko, kultural eta sozialekin batera, agerraldia egin zuten Errenteriako Foru plazan. Batzuek han eta besteek hemen, deliturik egin ez dutela eta epaiketa politikoa dela aldarrikatu nahi izan zuten horrela. Egun osorako egitaraua zegoen prestatuta prentsaurrekoa amaitzerako, eta asko izan ginen bertaratuak. Bazkalostean, mus eta partxis partidak eta bertsoak nahasian geneuzkan unean, Ertzaintza azaldu zen hiru auzipetuak atxilotzera. Haiek plazako kioskoaren teilatura igo ziren, eta ertzainek, hori ikusita, alde egin behar izan zuten. Iluntzean itzuli ziren, eskilara eta guzti, haiek eramatera.

Horiek guztiak, ordea, ez dira albiste, Madrazoren dimisioaren gauzatzearekin, europako merkatuen egoerarekin, aireko kontrolatzaileen auziarekin eta Scotland Yardeko kideen dimisioarekin alderatuta. Ez behintzat EITBrentzat. Gaueko albistegietan, hamabostgarren minutuan egin zioten aipamena gertakariari. 40 segundo eskas nahikoak izan zituzten horretarako, Auzitegi Nazionaleko artxiboko irudiak erabiliz. Zertarako joan irudiak hartzera, ezta? Zertarako elkarrizketatu hiru gazteak? Zertarako eman hitza haiei? Egun guztia izan zuten Foru plazara joateko, baina...

Gurean ere denok ez baikara berdinak. Sentitu balute han izan ginenok barruan geneukana... Ikusi izan balituzte senideen aurpegiak hiru gazteak eskuburdinez lotzen zituzten bitartean... Sumatu balute furgonetek alde egin ahala nagusitu zen isiltasuna...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.