Haurra nintzelarik, gure herri ttipian adineko gizon asko bazen besomotza, zangomotza, okerra, maingua. Zergatik ote zen hala ez genekien. Denborarekin, «gerlan kolpatuak» zirela jakiten zen. Hargatik, gizonak isilik zeuden, inoiz hitzik beren iragan dorpeaz iparraldeko trintxeretan. Ez du aspaldi azkenak mintzatzen hasi zirela, bereziki euskal irratien memoria lanengatik. «Betebeharra» egiten zutela batzuek, «desertore» hau edo hura joan zela, umore tristea bazuten gainera zenbaitzuek «ehizara bezala joaten omen zirela» agorril dohakabe hartako igande arratsaldean elizetako ezkilak entzun ondoren. Baina laster isildu ziren, entzuleen axolagabeagatik, alde batetik, beren lagun hilen gainean ahanzturaren itzal tristea hedatzen zutela ere.
Hona berriro azaroaren hamaika: aurten, mendean behin baizik ez da gertatuko 111111 hori, baina amak kondatzen zidan bakea 11111111n gertatu zela: gerla ofizialki akabatu zelakoan azaroaren 11 batez, goizeko 11k eta 11n... Horra gure numerologista, profeta berri, mistiko eta iluminatuek ez zekitena!
Morts pour la France horien izenak Bertranek goraki erraten zituen egun hortako mezatik landa Urkoiko eliza kalostrapean. Ondotik «sonnerie aux morts» hark jende bilduaren gainean, azaroko goiz hotzean negarrak bideratzen zituela.
Elasturia eta kalaka etengabearekin dauden horiei erantzun hoberena ematen diete gure antzinako lagunek, Verdun-en obus batek funditu zuen ene aitatxik, jendarmeek fusilatu desertoreek, biziko azken urteak min ezin sendatuekin egon zirenek eta gerra guztien biktimek: isiltasunarena.
Maratila
Isiltasunarena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu