Mundu zaratatsuan gabiltza gutako asko. Mendi edo natura inguruan bizi direnak, aldiz, salbu dira zarata eta zurrunbiloetatik. Haietako batzuek, batek baino gehiagok, hiri edo herri zaratatsuetan igaroko dute euren denbora bizimodua aurrera ateratzeko. Zein zarata? Hona hemen adibideak: zirkulazioa, bizilagunaren telebistaren bolumena, autobus barruko hizketa hotsen zurrunbiloa... Zuk zeuk jarrai dezakezu zerrenda osatzen, erraz asko.
Ziur naiz zarata haietako batzuk, guztiak agian, ezatseginak zaizkizula; noizbait bat-batean isiltzen direla jabetzen zarenean, zure gogamenak eta gorputz osoak «a zer lasaitua!» dio barne-barnean. Hala ere, gizakiak, herri aurreratuetakoak bereziki, baditu hainbat paradoxa: zaratak gogaikarri bazaizkio ere, zer eta, isilik, bakarrik, soinurik gabe egoten ez daki. Are gehiago, beldur diola esan daiteke behin baino gehiagotan. Norbere buruari beldur! Ba ote? Agian gehiegizkoa delakoan izango zara, badakit, baina ez nago oker. Telebista, irratia, musika zuzenean belarrira daramaten tramankulutxoak nagusi dira bakarrik gauden une askotan.
Edota, hala ez bada, gure burutxo nekaezina arduratuko da etengabeko pentsamenduen zurrunbiloekin zarata-soinuak jarrai dezan. Hau da hau guztia pentsatzeko beharra; atseden hartu behar denean ere bai. Pilotu automatikoa deritzogu. Ezetz? Zorionekoa zu nahi edo behar duzunean burua isildu edo pentsamendua nahi duzun zereginetara zuzentzeko trebezia garatu baduzu. Hori baita benetako isiltasunaren bermea, bai horixe!
Nola ekin/egin? Hurrengoan jarraituko diogu, baina hasteko, lehenik eta behin, barne-epaileari ordu batzuk jai ematea duzu lehen eginbeharra.
Osasuna. Adimen emozionala
Isiltasunetik ihesi (I)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu