Kezkaturik irakurri dut islandiarrek berriro erabaki dutela, erreferendum baten bidez, Islandiak Britainia Handiarekin zein Herbehereekin duen zorra ez kitatzea. Eta berriro diot zeren 2010ean Islandiako agintari txit txepelek galdera bera egin baitzieten hiritarrei eta erantzun bera eskuratu baitzuten.
Guztira 3.000 milioi euro dira Islandiak ordaindu beharko lituzkeenak eta, Portugalek behar dituen 80.000 milioien aldean hutsaren hurrengoa ematen badu ere, kontua ez da txantxetakoa.
Islandiarren elkartasun ezak eman dit gehien atentzioa. Han, fiordo artean eta sumendiz inguraturik bizi direnez gero, eta gu baino ilehoriagoak, altuagoak eta politagoak direnez gero, nahi dutena egin dezaketelakoan daude. «Zorra ez genuen geuk sortu, ezpada banketxeek; beraiek ordain dezatela». Insolidarioak halakoak!
Haatik, apur bat hausnartuz gero, ez da harritzekoa islandiarren jokamolde itsusia. Agintaria nolakoa, halakoa izaten baita menpekoa. Eta erreferendumak behin eta berriz egiteko duten tema horrek argi asko erakusten du hango agintarien doilorkeria morala. Baina zer-nolako politikariari burura dakioke horrela jokatzea? Zer arduragabekeria da hori? Gurean ez litzateke horrelakorik inoiz gertatuko.
Nik Reykjavik bonbardatzea proposatuko nioke Europari, baina ez Libian bezala, era humanitarioan. Azken batean, larria da norberaren herria masakratzea, baina are larriagoa da europarron poltsikoak masakratzea.
Maratila
Islandia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu