KOMUNIKAZIOA

Italiako RAI telebista publikoko langileek greba egin zuten atzo

Sindikatuetako ordezkariek «kudeaketa txarra eta boteretsuei egiten zaizkien faboreak» salatu dituzte

urtzi urkizu
2010eko abenduaren 11
00:00
Entzun
Silvio Berlusconiren esku daude Italiako hedabiderik indartsuenak, eta haren esanetara aritzen dira zenbait kazetari. RAI telebista publikoan, Augusto Minzolini albistegietako buruak betetzen ditu presidentearen desioak. Ekonomia Ministerioaren esku dagoRAI, eta 2010-2012 eperako industria plan bat jarri nahi du martxan. Langileen arabera, «Italiako enpresa kulturalik handiena pobretuko duen plana». Eta plan horren aurkako protesta gisa, greba egin zuten atzo RAIko langileek. Manifestazioa ere egin zuten Erromako egoitzaren aurrean.

Cisl Fistelek izan ezik, telebistako sindikatu guztiek bat egin zuten grebarekin: SLC Cgil, Uilcom Uil, Snater, Ugl Comunicazioni, Libersind Conf.Sal eta Usigraik. Sindikatu horien ordezkarien arabera, «gastuak, kudeaketa txarra eta boteretsuei egiten zaizkien faboreak dira Italiako zerbitzu publikoaren gaitza». Eta horrek euren lanari kalte egiten diola salatu dute. «RAIn lana profesionalizatua eta espezializatua dago, baina gaizki ordaindua». RAIn 13.000 lagunek egiten dute lan, eta Europako bosgarren komunikazio taldea da.

Sindikatuek negoziazio mahai bat eskatu dute, kostuak gutxitzeaz eztabaidatu ahal izateko. Egunkari batzuen arabera, baliteke 2011n RAIk 100 milioi euro galtzea, eta 2012an beste 200 milioi.

Grebarekin bat egin ez duen sindikatuak, Fistel Cislek, deialdia «denboraz kanpo» egin dela adierazi du. «Grebak kontrako eragina izango du enpresarekin egin beharreko eztabaida eperako», adierazi du Fistel Cisl-eko idazkari nagusi Vito Vitalek.

Langileen greba, dena den, ez da ezerezetik sortu. RAIko zuzendaritza kritika ugari ari da jasotzen azkenaldian. Kazetari batzuen iritziz, Berlusconiren asmoa enpresa hondoratzea da, lehiakorra izateari utz diezaiola. Beste batzuk harago doaz, eta pribatizatu nahi duela diote, RAIko kateren bat edo beste bere inperioari gaineratzeko. Kontuan hartu behar da Mediaset talde boteretsuaren jabea dela Berlusconi.

RAIko zuzendaritzak adierazi du greba eskubidea errespetatu egin behar dela, baina ikusleek jakin behar dutela atzokoa RAIren aurkako greba bat dela. «Hain justu RAI konprometitu denean aurrekontua modu serio eta arduratsuan onbideratzen, lanpostuak defendatzearekin batera», dio zuzendaritzak ohar batean. Hilabete batzuen buruan, hiru kate izan beharrean 14 kate digital izango dira, eta hori ikusleentzat onura handia izango dela adierazi du zuzendaritzak. Horrek lanerako aukera berriak ekarriko dituela diote, bide batez.

Minzoliniren jokaera auzitan

RAI-1eko albistegietako buru Augusto Minzolinik mota guztietako kritikak jaso ditu, kazetaritza egiteko bere moduagatik. Azken urte eta erdian milioi bat ikusletik gora galdu dituzte haren albistegiek. Hori gutxi balitz bezala, Cinzia Fiorato kazetariak lan auzi bat ireki du Minzoliniren aurka, jazarpenagatik, eta kargutik ken dezatela eskatu du. Gainera, La Stampa egunkariaren arabera Minzolinik 14 hilabetean 86.680 euro gastatu ditu, zuzendaritzako beste 31 kideek baino gehiago.

RAIko zuzendari nagusi Mauro Masi ere polemikaren erdian dago. Usigrai kazetarien sindikatuak haren aurkako gaitzespen botoa onartu berri du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.