«Itsaso denetan ikusi dugu zakarra»

Plastikoa da itsasoko arazorik handiena, Patxi Iriarte argazkilariaren iritziz.

Lohizune Amatria.
2012ko irailaren 5a
00:00
Entzun
Euskal Herriko eta mundu zabaleko hainbat itsaso ezagutzen ditu Patxi Iriarte argazkilariak. Gero eta arrain gutxiago dago itsasoan, baina ez da hori Iriarteren kezka bakarra. Animaliak topatzeaz gain, plastiko, ontzi eta botilak ere aurkitzen ditu uretan.

Kostaldean igeri ikusten dira normalean plastikoak, baina barrurago ere badira. Iriartek, esaterako, Ozeano Barean dagoen plastiko multzoa aipatu du: «Europako tamaina duen zakar multzo bat da. Animalia anitz hilko dira bertan». Dena den, bizia ere agertuko dela uste du. «Azkenean ekosistema bat bihurtuko da. Janari anitz dago bertan». Baina, ez da zabor dena janaria. Plastikoak dira kaltegarrienak, Iriarteren iritziz. Hori irentsita hiltzen dira itsaspeko asko, eta baita zenbait hegazti ere.

«Itsaso denetan ikusi dugu zakarra». Landugabeena Papua Gine Berrikoa izango zela uste zuen. Baina oker zegoen. Han ere bada zaborrik. «Pirata anitz dago Papua Ginea Berrian, eta dinamitarekin egiten dute arrantza». Kontrolik ez, eta uharrietan botatzen dituzte arrantzaleek lehergailuak. «Arrainak lehertu, eta gora igotzen direnean hartzen dituzte». Teknika horiek saihestu eta animaliak babesteko sortzen dituzte erreserba naturalak. Bat baino gehiagotan egon da Iriarte, eta igeri egiteko tokirik hoberena direla uste du. Hala ere, baditu zenbait anekdota kontatzeko. Malpelo Kolonbian dagoen erreserba bat da, eta bertan guardiak dituzte itsasoa zaintzen. Izkin egiten diete, ordea, batzuetan arrantzaleek. Bertan zegoela gertatutakoa kontatu du Iriartek. Errusiako igerilari batzuei entzun zien istorioa. «Costa Ricako lau itsasontzi ikusi zituzten marrazo arrantzan gune horretan, eta 2.000 marrazo hil zituztela kalkulatu zuten». Berak ere ikusi du horrelakorik: Mexikon. «Hiru gauez aritu ziren arrantzaleak zezen-marrazoak harrapatzen, eta dena garbitu zuten». Begirada zorrotzez azpimarratu du: «Hiru egunetan soilik».

Gehiegizko arrantza eta arrantza teknikak dira arazoa, Iriarteren hitzetan. Baina ez hori bakarrik. Lizentziak betetzeko orduan ere badira arazoak. «Papua bezala, Fiji ere nahiko pobrea da, eta baimendutako kopuruaren gainetik aritzen dira beti arrantzaleak». Baina arazoa ez da Fiji eta Papuakoa bakarrik. Barrura begira ere bada zer kritikatua Iriarteren ustez. «Euskaldunek ere fama txarra dute horretan. Besteen aurka solas egiten dugu beti, baina etxean ere bada zer kritikaturik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.