Itsasoa, ongizaterako

Guillaume Barucq mediku miarriztar eta surfzaleak surfean oinarritzen den terapia bat garatu berri du. Bide ugari landu ditu, eta itsasoak dituen onurak zabaldu.

Surflari talde bat, uretaran sartzeko prest, Miarritzeko hondartzan. BERRIA.
Miarritze
2012ko martxoaren 20a
00:00
Entzun
Guillaume Barucqek, Miarritzeko orotarako medikuak, surfean oinarritzen den terapia bat garatu berri du. «Proposatzen dudanak ez du soilik surfa xede; itsasoarekin harremanetan dagoen jarduera ugari egitearekin ere badu lotura», azaldu du Barucqek. Itsasoaren ondoan arnasten den haizeak osasunarentzat dituen ezaugarriak biziki onuragarriak direla azaldu du Surf Thérapie izeneko liburuan. Izan ere, olatuak itsas ertzean lehertzen direnean, oxigenoz beteriko ioi negatiboak sortzen dira, eta, hark dioenez, aire hori arnastea ezin hobea da eritasun batzuk prebenitzeko: «Mafrundiak eta birikak arintzeko, umorea hobetzeko, estresa txikitzeko zein loaldi hobea izateko lagungarria da proposatua».

Surf terapia proposatzearen helburua da egunero 30 minutuz behintzat gorputzak mugimenduan ezartzea, betiere itsasoarekin harremanetan egonez. Alta, jarduera fisikoaz mintzo delarik, Barucq ez da gorputza neke-neke uzteaz ari, edota performantzia hobetzeko logika batean sartzeaz. «Kirola eta plazera elkarrekin doazen bi kontzeptu bilakatu behar dira. Ez da zertan gaizki pasatu ariketa fisiko bat egitean. Gainera, egunerokoaz deskonektatzeko une bat izan behar da, eta ez, bizitzako beste hainbat gunetan egiten den bezala, lehian ibiltzeko erabilia izan soilik».

Hala, Barucquen kontsultara doazen gaixoak ez dira etxera itzuliko osagarriak hartzeko aginduarekin soilik. «Lehen aldian, nire gaixoak harrituak gelditzen dira, aginduen orrian surf terapia egitea esaten diedalako.»

Terapiaren azalpena

Surf terapia adin guzietako pertsonentzat eskuragarri bilakatzea nahi zuen medikuak, baita urritasun fisikoak dituztenentzat baliagarri izatea ere. Horren kari, terapia aitzina eramateko, bost pauso azaltzen ditu, maila anitzetan oinarritzen direnak. Lehena, itsas ertzea sentitzean oinarritzen da. «Itsas ondoan meditatzea eta haizea arnasten egotea biziki onuragarria da. Hausnartzeko, ez da zertan tenplu batera joan. Surf egiteak lasaituko gaitu, haize osasungarria hartzen dugun bitartean», azaldu du medikuak.

Bigarren aholkua, itsas ertzera ibiltzera joatean datza. «Jendeak uste du korrika egitea dela egin daitekeen kirolik onena. Baina ez da hala. Oinez ibiltzea askoz ere onuragarriagoa da. Baina ez nolanahika. Harea gainean oinutsik ibiltzea izanen da onena», azaldu duenez.

Hirugarrenik, egunero igeri egiteko gomendioa luzatzen du. Nahiz neguan izan, egunero itsasoan sartzen direnek biziki osasun ona dutela baieztatzen du. «Miarritzeko elkarte bateko kideak egunero bainatzen dira itsasoan. Uraren graduen adina minutu egoten dira igerika. Duten adina baino hogei urte gutxiago dute osasunez», dio Barucqek.

Ondotik, eta gehien aholkatzen duen ekintza da, Stand-up deitu jarduera egitean oinarritzen da. Surf taula baten antza duen taula batean uretan zutik ibiltzean datza, arraun batekin aitzina joanda. Lehen egunetik menperatuko da kirola, gainera. «Gure oreka lantzeaz gain, itsasoarekin bat egiteko modua da, lasaitasun handien emanen diguna».

Eta bukatzeko, nola ez, surf egiteko gonbita egiten du. Terapiaren gailurra litzateke. «Surf egitean sentitzen dena azaldu ezinezkoa da. Gorputzak jariatzen duen endorfina hormonaren bidez, sendagai propioa sortzen da. Ondoren, izugarrizko ongizate sentipen bat izanen dugu», dio Barucqek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.