Udako plaza

Itsasoaren ferekei zabalik

Angeluko Amodioaren Ganberatik Baionako Barraraino, oinezkoentzako ibilbide txukuna antolatu dute hondartzen mugan, itsasoak osatu ortzimuga dutelarik bidelagun atsegin.

Lau kilometro eta erdiko luzera dute Angeluko hondartzek, eta jende ugari bildu ohi da han paseatzera. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
Aitor Renteria.
Angelu
2011ko irailaren 10a
00:00
Entzun
Nekez egon liteke lasaitasunik turistaz gainezka dauden kostaldeko herrietan, baina Angeluko itsas hegiak ez du oreka galtzen, arras. Uda gorenean gainezka daude hondartzak, beterik aparkalekuak. Hondartzako harkaitzen kontra braust lehertu eta bitsez pasealekua zipriztindu duten uhinak balira bezala ageri dira turistak. Baina lau kilometro eta erdiko luzera dute Angeluko hondartzek, eta jende zein giro mota ezberdinak barreiatzeko parada eskaintzen dute. Amodioaren Ganberako giro zalapartatsutik, nudismoa egiten den hondartzetaraino. Oinezkoentzako pasealekua da horien zilborrestea.

Amodioaren Ganberaren hegoaldera dago Miarritzeko itsasargia. Bere oinetara dauden harkaitzetan ibiltzen dira jendeak izkirak, lapak, olagarroak edo lanpernak harrapatzen. Metro gutxitara, surflarien hondartza. Udan zein neguan, itsasoari kolorea ematen diote surflariek, eta haiengan pausatzen dira hondartzan eguzkitan dauden jendeen begiradak. Abantzu joan da uda, baina iraila hilabeterik gozoenetarikoa da Euskal Herrian, eta aukera duten herritarrek ohitura hori daukate.

Amodioaren Ganberan aparkaleku handiak daude. Urririk dira guztiak, oraindik bederen; Jean Espilondo Angeluko auzapeza aztertzen ari baita hondartzen erabilpena ordainaraztea. Hortik aterako litzatekeen dirua etxebizitza sozialak egiteko baliatu daitekeela dio. Ez du urratsa egin, herritarren oniritzia lortzetik urruti baita oraindik.

Turismoaren eragina begi-bistakoa da, eta urtez urte nabaritzen dira hobekuntza lanak. Duela urte gutxi herriko etxeak ezarritako harkaitz artifizialak ziren itsasoarengandik babesteko elementu bakarra. Gaur egun, murru batek babesten ditu harkaitzak, pasealekuari ere babesa emanez. Eta babes horretan daude etxeak eta haren azpian zabaltzen diren ostatuak. Terraza handiekin, udan freskura eta neguan babesa atxikitzeko. Bietan, jateko gune atsegina atzematen du ibiltariak, eta ilunabarrean, bestarako giroa.

Herrixka herrian

Itsasoaren lehen lerroan dauden ostatuen gibelean ere garatu da etxegintza. Mota guztietako jatetxeak atzeman daitezke han: mexikarrak, arrain edo okeletan espezializatuak, oilasko erreak saltzen dituztenak edo janari arina egiten dutenak. Eta haien ondoan, surflarientzako saltegiak, okindegiak eta diskoteka. Giro jakin baten erreferentzia bihurtzen ari da Amodioaren Ganbera, eta aisialdi mota horren inguruan burutzen ari da auzoaren garapena.

Iparraldera joaz, hondartza kilometroak lerrokatzen dira. Pasealekua kirolgune bihurtzen da lerrakinetan ibiltzen direnentzako zein lasterkarientzako. Han atzemanen dituzte dutxak edo zakarrontziak, sorosleen etxoletatik hurbil. Pasealekuaren ekialdera, hondartzetatik metro gutxira, zelai zabalak daude. Belardiaren freskura hondarraren traba baino gustukoago duten familiek han hartzen dute atseden, eta gainerako tokietan bezala, han ere ez da falta zer jan edo edan. Turistak ostatua preziatzen badu atseden gunetik hurbil.

Pasealekuaren erdialdean dauden hondartzetan bainujantzirik gabe egoteko ohitura dago aspaldidanik. Alta, gero eta gehiago dira jantzirik sartzen direnak hondartza horietara, bi taldeen arteko indar harremanaren arabera aldatuz hondartzaren erabilpena.

Hondartzen gibelean dago Xiberta deritzon oihana. Angeluko birika berdea bihurtu da. Kirolean aritzeko edo ostera bat egiteko toki paregabea, hiriaren bihotzean kokatua baita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.