ATZEKOZ AURRERA

Itsasoko arotzen ofizio galdua

Ondarearen Europako Jardunaldietan, XX. mendeko ontzigintza izan du hizpide Bilboko Itsas Museoak. Erain lantegia, 'Antxustegi' ontzia eta erakusketa ezagutzeko bisita gidatua egin dute.

Bisitariak, atzo, XX. mendeko zurezko ontzigintzaren inguruko erakusketan, Bilboko Itsas Museoan. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Uxue Gutierrez Lorenzo.
Bilbo
2020ko urriaren 11
00:00
Entzun
Hizki zuriz egurrezko xaflan irakurgai dagoen izenburuak ematen du lehen aztarna: XX. mendeko Bizkaiko erriberako zurgintza. Jarraian, iraganera salto egiteko gonbita: «Jendeari ulertarazi nahi diogu zer garrantzi eduki duten zurezko ontziek Bizkaiko historian eta lurraldearen bilakaeran». Jon Ispizuak azaldu du bisitaren oinarria. Aretoan, egurra, erremintak, antzinako ontzien argazkiak eta egurrezko ontzigintzari buruzko azalpenak paretetan idatzita. Gaia: zurezko ontzigintza; zehazki, joan den mendeko Bizkaiko erriberako arotzen jarduna. Abiapuntu horren bueltan, langintza galduaren ezagutza hedatzeko asmoz prestatu du bisita gidatua Bilboko Itsas Museoak. Atzo goizean egin zuten zeharkaldia, Ondarearen Europako Jardunaldietan.

Bisita Jon Ispizua Erain lantegiko buruak gidatu du. «Erriberako zurgintza da ontziak egiteko ofizioa; dagoeneko galduta dago, eta ez da ia inon existitzen». Ofizioaren garrantziaz kontziente, egindako lana ahaztu ez dadin saiatzen ari da museoa.

Ibilaldia hiru gunetan banatu du: erakusketa gela, Erain lantegia eta Antxustegi atunontzia. Galdera zuzenen bitartez antolatuta dago erakusketa: zer, non eta zerekin galderei erantzunez harilkatu du bisita Ispizuak.

Sarreratik aurrera jarraituta, lehen geralekura heldu dira bisitariak. Zer? «Zurezko ontzigintza ez zen XX. mendean jaio, baina aldaketa bat bizi izan zuen: burdinazko ontziak eta makinak agertu ziren, eta bazirudien hondoa joko zuela erriberako zurgintzak, baina ez zen horrela izan: lehen merkataritzarako egiten ziren ontziak, orduan hasi ziren arrantzarako egiten». Atunontziak izan ziren nagusi Bizkaian.

Gunez aldatuta, Bizkaiko mapa bat ageri du hormak. Bigarren geralekua: Non? Bizkaiko kostaldeko ia herri guztietan zegoen, gutxienez, ontziola bat: Zierbenatik hasi eta Ondarroaraino, lantegiz josita zegoen kostaldea. Hain justu, Ondarroak izan zuen ontziolarik handiena: «Ia 60 langile jardun ziren Arriola ontziolan mende hasieran», azaldu du Ispizuak.

Buelta erdia eman dute bisitariek. Zerekin egiten ziren ontziak? Erreminta bilduma zabala eskegi dute museoko kideek horman: tamaina eta mota guztietako zerrak, aizkorak, trintxak, lizpaperak... denak ia guztiz artisaua izan den ofizio baten lanabes. «36ko gerraren ostean hasi ziren makina elektrikoak erabiltzen Bizkaian, baina ia dena eskuz egiten zen».

Erakusketaren azken atalean, Bizkaiko hainbat ontziren irudiak daude, bilakaera azaltzeko: txalupa izan zen mende hasierako ontzia; lurrunezko ontziak etorri ziren ondoren, eta 36ko gerraz geroztik, dieselezko ontziak izan dira denak. «Hortik aurrera, haziz joan dira; eraldatu beharrean, hobekuntzak gehitu zaizkie».

'Antxustegi' ontzia

Erain lantegitik igaro, eta museoaren kanpoaldera heldu dira bisitariak. Bilboko itsasadarraren babesean gordeta, azalpen teoriko guztien isla materiala dute parez pare: Antxustegi. Ontziaren proiektua «testuinguruan kokatzeko» prestatu zuten erakusketa. «2017an abiatu genuen proiektua, eta asmoa da Antxustegi atunontzia zaharberritzea». Ondarroako atunontzia izan zen Antxustegi, 1958an Arriola ontziolan eraikia. 1998an eman zion familiak museoari. Boluntarioek eta ikasleek egiten dute zaharberritze lana, Ispizuak gidatuta. «Kontserbatzeko moduan dagoena gordetzea oso inportantea da guretzat, batez ere forma manten dezan». Erriberako zurgintzan landutako ontziak nolakoak izan ziren eta zer bilakaera izan zuten ulertzeko garrantzitsua izan daitekeela uste du Ispizuak.

Zurezko ontzigintzaren azken printzak jaso eta transmisio lana egin nahian dabiltza museoko langileak. «XX. mende bukaeran, plastikozko eta beirazko zuntzezko ontziak eraikitzen hasi ziren; aro baten amaiera izan zen». Aroaren laburpena Bilboko Itsas Museoko hormetan eta itsasadar bazterreko itsasontzietan dago ikusgai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.