Itsaspeko Nafarroa

Fosilak dira Mikel Urrastabasoren eta Alain Okiñenaren afizioa. Milaka dituzte etxean, eta erakusketa antolatu dute orain, Iruñeko planetarioan, beren piezarik onenekin

Inigo Astiz
Iruñea
2010eko abenduaren 7a
00:00
Entzun
«Historian zehar, denbora gehiagoz izan da Nafarroa itsaso, lur eremu baino». Alain Okiñenaren hitzak dira, eta hala azaltzen du Mikel Urrastabaso lagunarekin batera Iruñeko Planetarioan bildu dituen fosilen itxura. Orain dela milioika urte bizitako urpeko animalien aztarnak dira, gehien-gehienak: itsas-maskorrak, trilobite izeneko animaliak eta baita marrazo hortz batzuk ere. Horien artean, badira Euskal Herrian aurkiturikoak, eta Urrastabaso eta Okiñenak beren eskuz Nafarroan bildutakoak beste asko eta asko. Gisa horretako itsaspeko iraganaren hamaika lekukotza ikusi ahal izango dira urtarrilaren 5era arte iraungo duen Nafarroa, denboran zehar izeneko erakusketan.

«Ez da gehiegi ezagutzen, baina oso fosil ondare aberatsa du Nafarroak», azaldu du Urrastabasok. Orain ia 200 milioi urte izandako Jurasiko garaikoak dira gehienak, eta baita duela 145 milioi urte izandako Zetazikokoak ere. Baina askoz denbora tarte zabalagoa hartzen du erakusketak. Kronologikoki dago antolatuta; orain 4.600 bat milioi urte emandako ezerezetik, bizitzarako urratsetik hasi, eta aurrera eta aurrera. Bizitza sortu, hedatu, eta milaka forma hartzen joan zen iragandako denborez mintzo dira piezak; garaiz garai, denbora tarte bakoitzari dagozkion ezaugarriak azaltzen dituzten afixa informatiboen laguntzaz.

Mendizaletasunetik datorkie fosilekiko zaletasuna bi lagunei, umetan gurasoekin egiten zituzten txangoetatik, eta urtez urte egindako bilaketa horien emaitza da erakusketa. «Pieza nahiko arruntak biltzen genituen hasieran, eta gero, pixkanaka, bilduma handitzen joan gara», azaldu du Okiñenak. «Logela bana dugu orain etxean fosilez goraino beteta». Etxea dute biltoki, eta hori izan dute erakusketa gune ere, denbora luzez. Harik eta, etxera bilduma ikustera joaten zen jendeak animatuta, pieza onenak bildu eta erakusketa bat antolatzea erabaki zuten arte.

Lehenik eskolaz eskola ibili dituzte mendietan aurkitu dituzten piezak, eta Planetarioan dira orain.

Okiñena eta Urrastabasok diotenez, Nafarroako iparraldea da fosilak biltzeko gunerik interesgarriena, hainbat garaitako piezak daudelako. Gune zaila ere bada, ordea, oso leku berdea izanik, piezak landaredipean bilatu behar direlako. «Ez zaigu, halere, inguruan zulo handiak egiten aritzea gustatzen», dio Okiñenak. «Paisaia zegoen bezala uztea gustatzen zaigu, lehen aipatu dugun mendizaletasun horregatik, agian».

Baina dena ez da bilketa; garbitu ere egin behar dira fosilak, Urrastabasok azaltzen duenez: «Pieza aurkitu eta harritik askatzea da lehen urratsa, baina gero mekanika edo kimika erabiliz, garbitu behar. Eta baita itsatsi ere, maiz, fosil asko hautsi egiten baitira garbiketa prozesuan».

Beren eskuz bildu eta garbitutakoak dira erakusketako pieza asko, baina badira antropologiari eskainitako azoketan lortutakoak ere. Marokokoak, AEBetakoak, Frantziakoak eta munduko beste hamaika txokotakoak. Erosi egiten dituzte batzuk, eta trukatu beste asko. «Kromoekin ibiltzen ginen bezala ibiltzen gara fosilekin ere», azaltzen du erdi txantxetan Okiñenak. «Errepikatuta ditugunak trukatu, eta ez ditugunak lortu. Hala ibiltzen gara».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.