Maratila
Iturria
Tafalla. Goizeko 8 t'erdiak aldera. Pasealekuan merkatuaren postuen prestatzen, antolatzen, ari dira. Ostirala. Eskolapioetan eskolier bat zakua bizkarrean badoa patioan barna. Klaseak hasiak dira. Geletan, argiak piztuak. Ikasleen buruak ikusten ditut sartzeko burdin hesitik. Hiriko karrikak, mugimendu gutirekin oraindik. Pasealekuan, jauntzi saltzaileek postuak prestatzen ari dituzte. Kartoiezko kaxak erdi irekiak. Karriketan, makina espaloien garbitzen ari. Azerak garbi garbi uzten ditu gero. Urez freskaturik. Dirdiran. Amak, beren haurren laguntzen ari eskolara. Plazako iturrian : «Aguas de Tafalla inauguracion 12 de abril de 1914». Iturriaren lau alderdietan, lau barrika beren zurrutekin. Esku anonimo batek iturrian zuriz pintatu du 'Lagunak' hitza. Musika - kioskoa, hetsia. Iturriko zurrutetarik ezer ez da isurtzen. Zurrutapeen inguruan kurri doan aska idor dago. Han hemenka ur geldia ikusten da, zikinkeriaz betea. Eguzki loreen haziak : pipa azalak non-nahi badira. Txokolate botila ttipi bat, hustua: «Puleva 90% de leche, Batido al cacao, Energia natural». Haurrek gurutzatzen dute plaza. 8:45: eguzkiak gorritzen ari orain iturri kaskoa. Lurrean, paper batean haur esku batek letra kapitalez idatzi du : «!!!Fashion word!!!». Garbitzeko kamioi zuria, bere eskuila berde automatikoekin, badabil burrunbaka plaza inguruan. Herriko Etxearen harrizko aurrealde gorrantzean: ekialdeko eguzkia. Lau banderak argitu dira, Espainiakoa, Nafarroakoa, Europakoa, Tafallakoa. Plazako arkupe airosak. Geranio ederrak Herriko Etxeko galeriatik dilindan. Ikastola: patioan haurrek hondartza dute pintatua. Eta itsasoa. Arrosa kolorezko paretan: legarra, arrain borobilak, itsas landare berdeak, izar gorria, olagarro ubela, muttikoa eta nexka... Plaia. Uda. Farnientea. Izenen dantza : Olatz, Ibon, Txolas, Uxue, Eneko, Maite... Amets eder bat bezala...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu