Gatazka armatuetan bertsio bat baino gehiago egon ohi dira. Ziurtatu daitekeen egia, ordea, bakarra da: biktimen egia. Gervasio Sanchez argazkilariak, urte luzetan munduko hainbat gatazka armatutan ateratako irudiak bildu, eta Desagertuak erakusketa osatu du. Indarkeriak eragindako desagertuei ahotsa eman, eta haien familien sufrikarioa agerian uzten dute Okendo kultur etxean eskegitako irudiek. Argazkiez gain, senideen hainbat testigantza ere ikus daitezke bideoetan.
Sadam Huseinen agindupean Iraken hobi komun batean pilatutako 3.000 kurduen gorpuak; Argentinako diktadura militarrak eragindako desagertuen zerrenda luzeak; desagertutakoen senideen borroka eta haien duintasun lezioak... Hamar herrialdetako gatazka armatuek utzitako desagertuen zerrenda luzeak eta senideen egonezina dokumentatu ditu Sanchezek. Salvador, Guatemala, Argentina, Txile, Kolonbia, Peru, Bosnia, Irak, Kanbodia eta Espainiako irudiak hautatu ditu Sanchezek.
Desagertutako pertsonak ez eze, haien familiak ere biktimak dira. Etxera itzuliko ez diren horiek baino gehiago sufritzen dute askotan. Desagertutakoa hilik baitago; bukatu da haren sufrikarioa. Senideek, berriz, ez dute non lorerik jarri, ezin dute hildakoa agurtzeko hilobirik. Noizbait gorpua aurkitu eta ehorzketa duin bat egiteko itxaropenaren itzalak ematen dizkie borrokarako indarrak. Jakin baitakite ez dagoela desagertutakoa bizirik aurkitzeko esperantza izpirik. Bestelakoa da haiek eskatzen dutena: justizia, egia eta memoria.
Familia baten bizitza markatzen du desagerpenak. Kide guztien obsesioa bilakatzen da biktimaren memoriaren alde borroka egitea. Zenbaitetan familiako kideen artean liskarrak sortzen dira, eta askok arazo psikologikoak pairatzen dituzte. Badago bere buruaz beste egin duenik ere. Urte asko dira desagertzeak gertatu zirela. Latinoamerikan dokumentatutako lehenengo desagerpena 1966an izan zen. 28 sindikalista desagerrarazi zituzten Guatemalan. Litekeena da itsasora bota izana. Familiaren sufrikarioa, baina, ez da amaitzen senideak hiltzen direnean, haien ondorengoei transmititzen baitiete nahigabea eta desagertua bilatu eta haren memoriaren alde lan egiteko ardura.
Desagerpen asko diktadura edo gerra zibila jasan dituzten herrialdeetan gertatu dira, hala nola Espainian, Kanbodian eta Iraken. Halere, demokraziak ez du bermatzen gehiegikeria horiek egiten ez direnik. Kolonbia da horren adibide garbiena. Iraken atzetik, bortxazko desagerpen gehien izan duen herrialdea da. 1978. urtetik aitzina gertatutako desagerpen guztiak gobernu demokratikopean egin dira. Azken zifren arabera, 50.000 desagertuen salaketak daude. Zifrak gora egin dezake, fiskaltzak ez baititu oraindik talde armatu ezkertiarrek eragindako desagerpenak aintzat hartu. Perun ere 10.000-15.000 pertsona inguru desagertu ziren demokratikoki aukeratutako ordezkarien aginduz, gehienak kitxua indigenak.
Eredu tamalgarria
Erakusketaren azken zatian 1936ko gerra eta ondorengo diktadurak eragindako desagertzeak ditu ardatz. Hobi komunetan lanean diharduten auzitegi medikuak eta aurkitutako desagertuei eginiko omenaldiak ikus daitezke irudietan. Beste herrialdeetan ez bezala, Espainian egindako desagertuen bilaketak senideen bizkar egiten dira, estatuaren laguntza eta babesik gabe.
Gerrak sortzen dituzten biktimei buruzko hausnarketa eragitea da Gervasio SanchezekDesagertuak erakusketaren helburua. Izan ere, gatazka armatuak eta horiek urte luzez sortu dituzten zauriak ezin dira guztiz itxi biktima guztiak aurkitzen diren arte.
Ezarian. 'Desagertuak' erakusketa
Itxaronaldi amaigabearen arrangura
Gervasio Sanchezen 'Desagertuak' erakusketa ikus daiteke Donostiako Okendo kultur etxean. Hainbat herrialdetako gatazketan desagertuen senideen sufrikarioa islatu du argazkilariak. Maiatzaren 5era arte egongo da ikusgai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu