Urte osoko lanaren emaitza egun batera mugatzen denean, eguraldiak garrantzi berezia hartzen du, eta zortea izan zuten igandean Trapagaranen (Bizkaia). Ibilaldia zen herrian, eta zerua estalita esnatu baziren ere, orduek aurrera egin ahala hobetu egin zen. Jendea uholdeka joan zen Itxaropena ikastolari laguntzeko asmoarekin, eta aurreikuspenak bete egin ziren. Milaka lagun bildu ziren. Antolatzaileak oso pozik agertu dira, beraz, jendearen erantzunarekin.
Itxaropena ikastolak 40 urte dauzka, eta Meatzaldean dagoen bakarra da. Horregatik, inguruko herrietatik ere ikasleak jasotzen dituzte, 40 kilometroren eremu baten barruan. Lortutako dirua ikastolaren eraikina handitzeko erabiliko dute, hurrengo urteetan ikasle kopuruak gora egitea espero baitute. Egun, 16 urtetik beherako 500 ikasle dituzte, eta hemendik zortzi urtera 700era iristea espero dute.
Ibilbidearen hasiera ekitaldia denboran atzera eginez hasi zuten, goizean. Harri zulatzaileen erakustaldia egin zuten, iraganean eskualdean zegoen meatze tradizioari omenaldia egiteko. Hainbat pertsona ezagunek parte hartu zuten ekitaldian. Ikastolen mugimenduko ordezkariez gain,Iñigo Urkullu EAJko lehendakaria, Tasio Erkizia ezker abertzaleko kidea eta Isabel Zelaa Hezkuntza sailburua zeuden, beste batzuen artean. Euskal hezkuntzaren kalitatea goraipatu, eta murrizketei buruz mintzatu zen Zelaa. «Hezkuntzak ezin du murrizketen bazka izan; huts larria izango litzateke. Gaur egungo zailtasunek ezin dezakete etorkizuna arriskuan jarri», adierazi zuen.
Ikastolaren sorreran ibilitako gurasoei omenaldia egin zieten, ondoren, eta festako maskotaren alboan eman zituzten ibilbideko lehen pausoak goiztiarrenek, Ibiltxo meatzeetako estralurtarraren alboan. Eguerdiarekin batera iritsi zen jendea uholdeka. Adin guztietako euskaltzaleak batu ziren. Familiak, bikoteak eta lehendabiziko aldiz gurasorik gabe egun-pasa atera ziren gaztetxoak zebiltzan elkarren ondoan. Guztiek zuten zer aukeratua, eta norberak gune gustukoenetara jo zuen. Hirugarren gunean, Irrien Lagunak klubeko kideek etxeko txikiei irribarrea atera zieten hainbat joko eta ikuskizunen bidez.
Gazteek bi gune izan zituzten aukeratzeko, eta musika izan zen protagonista nagusia urteroko gisan. Betagarrik ska doinuekin gaztetxoak dantzan jarri zituen, eta Bizardunak taldeak ere ez zuen festarako gogoz zeudenen artean hutsik egin. Taula gainean batera eta bestera mugituz, doinu irlandarrekin eta hitz kritikoekin giroa ederki berotu zuten. Kanta askotan publikoko hainbatek lagundu zien abesten.
Vendetta eta Ze Esatek! taldeak oholtza gainera igotzerako parranda bere gorenera helduta zegoen, edandako garagardo eta kalimotxo basoek ere egina baitzuten ordurako eragina zenbaitengan.
Giro lasaiagoa nahiago izan zutenek Mikel Markezen eta Erramun Martikorenaren kontzertuetan hartu zuten gozatua.
Berrehundik gora autobus
Zortzi kilometrotatik hiru bidegorri batetik zihoazen. Iraganean, Labe Garaietako meatzeetatik burdina garraiatzeko erabiltzen zuten bidea. Aldapatsua zen zenbaitetan ibilaldia, eta gazteek ibaiaren ertzean kuadrilletan eserita hartu zuten atseden.
Guztira, 200 autobusetik gora joan ziren Trapagaranera Euskal Herriko txoko askotatik. Trenak ere arrakasta izan zuen. Renfek zerbitzu bereziak antolatu zituen, eta horrek asko lagundu zuen. Ezkerraldeko herri askotako jendea, berriz, Barakaldo eta Portugaletetik, oinez iritsi zen herrira.
Hurrengo urtean Portugaleteko Asti-Leku ikastolak hartuko du lekukoa. Dagoneko hasi dira lanean, eta horretan jardungo dute datozen hamabi hilabeteetan egun handian guztia ongi ateratzeko.
Ezarian. Ibilaldia
Itxaropena bete egin da
Antolatzaileak gustura daude jendearen erantzunarekin; lortutako diruarekin ikastolako eraikina handituko duteHurrengo urteko lekukoa erabakita dago: Portugaleteko Asti-Lekuk hartuko du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu