Itxiera, «zirkurik gabe»

Jose Juan Castillok, Donostiako Casa Nicolasa ezagunaren jabeak, erretiroa hartu du, eta itxi egin dute tradizioz beteriko jatetxea. 1912an zabaldu zuten, Aldamar kalean.

xabier martin
Donostia
2010eko urriaren 7a
00:00
Entzun
Castillorena zen, eta Nicolasarena ere bai. Lehena, jabea; bigarrena, izenaren jabea. Casa Nicolasa itxi dute. Donostiako jatetxe ezagunenetakoa, tradizio handiena zutenetako bat, joan den larunbatean itxi zuten. Jose Juan Castillok (Bermeo, Bizkaia, 1944), azken 24 urteotan jatetxearen jabe eta haren espiritu izan denak, erretiroa hartu du. Castillok 66 urte ditu; Casa Nicolasak, 98. Ezin mendeurrena ospatu.

«Pozik egon beharko nuke erretiroa hartu dudalako, baina ez nago. Erretiro gazi-gozoa da. Hau nire bizitza osoa izan da. Sukaldariaren semea naiz, eta ez dut beste ezer egin bizitza osoan». Castillo hunkiturik dago, hartu duen erabaki garrantzitsua dela eta. «Ezin izan dut saldu [Casa Nicolasa], eta dagoeneko ez dago salgai. Ez da edozein jatetxe; jatetxe berezia da, tradizio handikoa Donostian. Bi solairutan dago. Nork hartuko du gaur egungo zailtasunekin?».

Casa Nicolasaren ezaugarrietara estuki loturik egon da Castilloren ibilbide profesionala. «Batzuek zioten sukaldaritzan ez nuela aurrera egiten, ez nuela garatzen sukaldaritza, baina nik Mariaren [Urrestarazu] espirituari eutsi behar nion. Nicolasa zerbait zen, eta zerbait izan da gero ere nire ahaleginari esker». Hala, Ollo trufatua, Florentina arrautzak, ehiza, kokotxak, legatza... tradiziozko platerak egin ditu jatetxeak, «tradizio onenetakoak».

Azken platera: kokotxak

Joan den larunbatean aritu zen sukaldean azkenekoz Castillo. «Kokotxak prestatu nituen nire lagunik handienarentzat, Karlosentzat. Ez da amaiera txarra». Erretiroa hartu eta Nicolasa itxiko zuela nahiko ezkutuan izan du sukaldariak. Zergatik? «Ez nuen zirkurik nahi, ez nuen kazetarien elkarrizketarik edota despedida berezirik nahi. Langileek, 11, nahikoa izan dute jatetxearen itxierarekin».

Bezeroak ere ez ditu ahaztu. «Beren-berena zuten beste txoko bat galdu dute. Betiko jostundegia, etxe azpiko kafetegia, taberna jakin hura... batzuentzat Nicolasa euren betiko jatetxea zen; pena da». Dena den, Jose Juan Castillok erremate ederra eman dio jatetxeari. «Lehengoan hamar Nobel saridun izan nituen. Ez da gauza makala, ezta?». Eta ezin da ahaztu Zinemaldia. «Hori guretzat oinarrizkoa izan da. Glenn Ford, Charlton Heston, John Malkovich, Susan Sarandon, Angelica Houston... ezinezkoa da azken 24 urteotan hemen izan diren pertsona ezagun guztiak aipatzea». Bezero xumearentzat dauka azken oroitzapena, «aurreztu eta ahalegin bat eginez 200 euro gastatzera gurera etorri denarentzat».

Nicolasa Praderak eman zion izena Casa Nicolasa jatetxeari, 1912an, Aldamar kaleko lehenengo solairuan. Gerora, bigarren solairua ere bereganatu zuen. Praderak gobernatu zuen 1930 arte. Maria Urrestarazuk erosi zuen urte hartan, 40.000 pezetaren truke. Urrestarazu 1952an zendu zen, seme-alabarik gabe. Jatetxea Pepita Fernandez de Urrestarazuk eta haren iloba Paco Urrestarazuk hartu zuten. 1972an bien artean zuzendu zuten. Gero, Pepitak bakarrik, Paco hil zenean. Hamarkada horietan guztietan ez zuten aldatu jatetxearen izena, eta 1986an, Jose Juan Castillok erosi zuenean, harekin jarraitzea erabaki zuen. Eta fundatutako izenarekin itxi dute azkenean, 98 urte igaro eta gero.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.