Beltzean piztuko da pantaila, eta horrela segituko du tarte luze batez. Arnasketa azeleratu bat, kolpe batzuk, burua eta gorputza gune geografiko batean kokatzeko ahalegin desesperatua. Eta bat-batean argia, txikia, hauskorra, iraungitze data duena. Pertsona bat da, kutxa baten sartuta, mugitzeko apenas aukerarik duena, Irakeko basamortuaren azpian lurperatuta.
Zineman, literaturan eta beste adierazpen artistiko batzuetan klasiko bat da gela edo espazio txiki batean itxita gelditzen denaren larrialdia. Askoren gau mugituetan ere agertzen den amets errepikakorra izan ohi da, desesperazio oihu lazgarri batekin amaitzen dena. Gu guztion beldurrik zahar eta irrazionalena, oraingoan 93 minutuz luzatuta.
Izan ere, horixe da Rodrigo Cortesen bigarren fikziozko lanaren bertuterik handiena: ordueta erdiz tentsioari eusten jakitea, horretarako trikimailu merkerik erabili behar izan gabe. Egia da bideojoko batean bezala, protagonistak hainbat tresna dituela eskura: arkatza, alkohola, labana, linterna, sakelakoa. Horiek kutxa barruan egotearen arrazoia azaltzeko ez du aparteko ahaleginik egin zuzendariak, argi baitago elementu gutxi horiek behar-beharrekoak zirela egitura narratiboak aurrera egin dezan.
Objektu bakan horiekin, interpretazio neurriko batekin eta gidoi sendo batekin, Buried filmak arretari eutsiko dio. Eta beste behin ere, sekulako garrantzia izanen dute teknologia berriekin lotutako gailuek -kasu honetan, bideokamera bat eta posta zerbitzua duen sakelakoa-, kanpoko mundua barnera ekartzeko. Argi dago gaur egun ez dagoela isolatuta egoteko modurik.
Istorio osoa hilkutxaren barruan egotearena aukera ausart baina arriskuz beterikoa zen. Besteak beste, filmaketarako traba tekniko handiak ekarri zituelako, gutxieneko baliabide teknikoak erabiltzen ahal zirelako. Alde horretatik, filmak zinemagintzaren jatorriragaramatza; argi ahul batzuek irudia lausotuko dute, eta soinuak berebiziko garrantzia hartuko du, ahotsaren gainetik. Agertoki bakarreko zineman gara berriro, gaur egungo film gehienek biltzen duten edozein artifizialkeriatik urrun, zirrikiturik gabeko istorio narratibo batek beste ezer gutxi behar duen seinale.
############
Buried
+16. Espainia, 2010. Zuz.: Rodrigo Cortes. Akt.: Ryan Reynolds. 93 min.
Gasteiz (Abaco Boulevard, Florida), Bilbo (Capitol, Golem Alhondiga), Barakaldo (Max Ocio, Yelmo), Getxo (Lauren), Leioa (Artea), Donostia (Antiguo Berri, Bretxa), Irun (Txingudi), Usurbil (Urbil), Iruñea (Golem Baiona, Golem La Morea), Tutera (Ocine), Uharte (Itaroa).
############
Itxirik, baina konektatuta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu