Itxura berria, lehengo xarma

Bederatzi hilabetez berritze lanetan aritu ondoren, Donostiako Maria Cristina hotela itxura guztiz berrituarekin inauguratu dute. 1912ko giroa islatu nahi izan dute, dekorazioaren bitartez.

Hotel osoan kolore argiak dira nagusi, baita logeletan ere; belle époque garaia ekarri nahi izan dute gogora. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2012ko uztailaren 5a
00:00
Entzun
Donostiako Maria Cristina hotelak itxura berrituarekin ospatuko du bere 100. urteurrena. Goitik behera berritu dute, baina 1912ko xarma ez du galdu; garai hartako erromantizismoa mantendu nahi izan dute dekorazioaren bidez. Atzo egin zuten inaugurazio ekitaldia, hotelean bertan, bederatzi hilabetez berritze lanetan aritu ondoren. Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak eta Roeland Vos Starwood hotel katearen presidentearen artean askatu zuten sarrerako lazoa. Lau neskak ohorezko aurreskua dantzatu zieten ondoren.

Sarrerako atean egon ohi den mandatu mutila ere han zen. Hark ere itxura berritua du, ordea: txapela jarri diote. Hotela tokiko kulturaren isla izatea da helburua, Banesa Ferrer Starwood kateko harremanetarako arduradunak azaldu duenez. Duela ehun urteko Donostia eta orduko giroa ekarri nahi dituzte gogora, belle époque deritzona. Giro hartan eraiki baitzuten hotela, uda pasatzera joaten ziren aristokraten beharrei erantzuna emateko.

Eta, sarreratik, barrura. Kolore argiak dira nagusi hotel osoan, bai korridoreetan, baita logeletan ere. Gris kolorekoak dira pareta eta altzari gehienak. Atzean utzi dituzte, hala, lehen nagusi ziren gorri eta urre koloreak. Helburua? «Hotelari ukitu femeninoa ematea; intimoagoa eta diskretuagoa izatea». Halaxe azaldu du Michel Nader hoteleko zuzendari nagusiak. Langileentzako uniforme berriak ere diseinatu dituzte, dekorazioarekin bat etor daitezen. Grisak izango dira aurrerantzean. Hotelaren ikonoa, berriz, berdea izan beharrean, lila izango da.

Dena den, ez dute dekorazio bakarrik aldatu; azpiegiturak ere goitik behera berritu dituzte. Argindarraren, uraren eta aire girotuaren sistemak, esaterako, guztiz berriak dira. Era berean, teknologia ere zaindu nahi izan dute, eta wifi sarea hotel osoan dago erabilgarri. Suteen aurkako gailuak ere jarri dituzte.

Beste ehun urterako ere, prest

Uste baino lehenago amaitu dituzte berritze lanak, eta garaiz iritsi dira eraikinaren 100. urteurren egunera. Datorren astelehenean beteko dira ehun urte, Espainiako Maria Kristina erreginak hotela inauguratu zuenetik. Ordutik, belle époque delakoa atzean utzita, garai txarrak ere igaro behar izan ditu eraikinak. 1936ko gerra, esaterako: jaurtigaiek utzitako zuloak ikus daitezke oraindik hotelaren kanpoaldean.

Datozen urteei begira, ordea, baikor agertu da Nader: «Ehun urte bete ditu, baina beste ehun urterako prestatu dugu». Inaugurazioaren ondoren, fakturazioa %25 inguru igotzea espero du Euken Sese Donostiako Sustapen Elkarteko zuzendariak. Beharko dute; izan ere, hogei milioi euroko gastua egin dute berritze lanetan.

Oraindik falta dira xehetasun batzuk, baina biharko dena prest edukiko dute hotela publikoari irekitzeko. Sarreran zegoen Maria Kristina erreginaren erretratua ere falta da, baina laister jarriko dute ordezkoa. Hotelaren itxura bezala, berria izango da koadroa ere.

Ezin jakin Maria Kristina erreginari hotelaren itxura berria gustatuko zitzaiokeen, baina Donostiako alkatea, behintzat, gustura agertu da. «Donostiarentzat beharrezkoa da hotel honi eustea, eta poztekoa da norbait horrelako inbertsioa egiteko prest agertu izana». Lehenago ere berritu zuten Maria Cristina. Lehen aldiz, 1948an. Handitu egin zuten orduan. Azkenekoz, berriz, duela 25 urte berritu zuten. Izagirrek ez du inoiz ostatu hartu bertan, baina Donostiako Zinemaldira joan ohi diren artistek ongi ezagutzen dute hotela. Aurten ere, emango du zer esana.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.