Proportzio eza. Ez dakit ohartzen diren Boulevard-eko arduradunak, asteak joan asteak etorri, eskua zenbat joaten zaien elkarrizketa luzeko gonbidatuak aukeratzeko orduan. Begira dezagun joan den asteko zerrenda: Ramon Jauregi (astelehena), Aintzane Ezenarro (asteartea), Jose Antonio Pastor (asteazkena), Idoia Mendia (osteguna) eta Andoni Ortuzar (ostirala). Gutxieneko, esan behar da euskal errealitate politikoaren ikuskera partziala ematen dela.
Saltsa. EGMaren datuak ikusita, dilema berbera sortzen zaigu beti: bere fidagarritasuna zalantzan jarri arren irrati generalisten egoeraren erreferentetzat hartzea, ala, zirko barregarritzat hartu irratiek protagonizatu ohi duten analisien saltsa. Denek irabazi dutela baitirudi, politikoek hauteskundeetan bezala. Interesa non, handik heltzen zaioEGMari; nahi dena goraipatu, nahi dena ezkutatu. Ezaguna zaigun komedia irrigarritzat jo beharko genuke besterik gabe, ez balitz galdera beldurgarria plantearazten digutela, nahitaez... Alegia, betaurreko deformatu berbera ote darabilte errealitatea entzuleoi helarazteko garaian?
Zenbakiak. Azken boladan isilik zegoen EITB, adibidez, harro plazaratu zaigu orain, REk Ser Katea historian lehenbiziko aldiz gainditu duela esanez. Zehazten ez zaiguna da garaipen hori SER kateak estatu osoan ia milioi erdi entzule galdu izanaren ondorioa dela, eta ez bere merituengatik. Izan ere, ez dugu ahantzi behar orain bi urte 250.000 zituela eta orain 190.000 dituela REk.
Abellanen parabola. Paradigmatikoa da Jose Antonio Abellani gertatu zaiona aurten: uztaileko EGMak 300.000 entzule eman zizkion El Tirachinas bere kirol saioari. Bulartsu azaldu zen orduan COPEko zuzendaritza: %25 igo omen zen, bigarrengo postua omen zuen estatuan, eta, batez ere, publizitate eta diru iturri oparoa zela... Handik hilabetera, Abellan kaleratu egin zuen, entzule gutxi zituelakoan. Portzierto, kirol audientzietan zeuden jarrita begiradarik gehienak. Bada Abellanen tokia betetzeko fitxatu berri Juan Antonio Alcala, Joseba Larrañaga, Paco Gonzalez eta Pepe D. Castaño hasiak dira postuak eskalatzen. Oraindik goi-goian diren Ser Kateko Javier Hoyos, Juanma Ortega eta De la Morenak badute urduri jartzeko motiborik.
KOMUNIKAZIOA. Uhinetatik tiraka
Itzuli-mitzulika EGMarekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu