Izanaren sua bizirik edukitzeko

Etnografiaren inguruko bost hitzaldi izango dituzte Aranzadi Zientzia Elkarteak antolatutako Etnografia JardunaldiekDonostiako Kutxa hitzaldi aretoan bost hizlari ariko dira, astelehenetik ostiralera

Erredakzioa
Donostia
2011ko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Botoi bati sakatu, eta argia lortzen ohituta dago gaur egun edozein Euskal Herrian. Erosotasun hori ez da betidanik egon, haatik, ez gurean ez Europa osoan ere. Argia sortzea, lekuak argitzea ez zen hain erraza. Helburu horrekin Euskal Herrian erabili diren objektu bitxiak eta sua egiteko bideak hartuko ditu hizpide bihar Fermin Leizaola etnografoak.

Aranzadi Zientzia Elkarteak antolatutako Etnografia Jardunaldien lehen ekitaldia izango da elkartearen etnografia saileko arduradunak emango duen hori. Baserrietan arrats ilunetan argiarekin nola moldatzen ziren kontatuko du Leizaolak —bera da jardunaldien koordinatzailea—. Hitzaldiaren amaieran galderak egiteko tartea zabalduko dute, entzuleen zalantzak eta kezkak bideratze aldera.

Bost hitzaldiko sortaren lehena izango da biharkoa. Ostiral arte beste lau parte hartzaile eseriko dira Kutxako hitzaldi aretoan (Arrasate, 12). Asteartean Rafa Zulaika Ruizen txanda izango da. Baionako Euskal Museoko zuzendariak erakunde horren nondik norakoak azalduko ditu. Etorkizuneko erronkak ere aipatuko ditu, batik bat Donostia 2016-rekin lotutakoak. Biharamunean Esther Rebato biologoak gizakiaren elikaduraren ekologia hartuko du ahotan. Hominidoen elikaduraren garapena azalduko du, eta janaria osasunarekin duen lotura mugatuko. Iraganean nola jan den aipatuko du, besteak beste.

Hilarriak eta Barandiaran

Asteazkenean euskal hilarriak izango dira hizpide Kutxako hitzaldi aretoan. Pedro Zarrabeitia Miñaur ingeniariak Euskal Herriko hilarrien inguruan dauden misterioak kontatuko ditu. Inskripzioak, sinboloak, artea... Hilarriek euskal izanaren zati garrantzitsu dira, kulturaren osagai asko biltzen dituztelako. Jose Migel Barandiaranen aztarnaren atzetik izeneko hitzaldiaren ostean, entzuleen galderak erantzungo ditu adituak.

Itsasoa eta arrantzaleak; Euskal Herriko kulturan ezinbesteko atal hori aukeratu dute Aranzadiren Etnografia Jardunaldiak amaitzeko. Juan Antonio Rubio-Ardanaz antropologoak arrantzak bizimodu gisa gurean izan duen bilakaera azalduko du. Itsasoaren antropologia nola lantzen den ere kontatuko du.

Aranzadik 32 urtez antolatu ditu etnografia jardunaldiak etenik gabe. Aurten ere ez da etenik izango.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.