Azken glaziazioa duela 10.000 urte bukatu zen gure planetan. Klima hark muturreko baldintzak jarri zizkion gizakiari. Orain, berriz, garai haiek nolakoak izan ziren sentitzeko aukera dute milioika biztanlek egunotan, Europan. Glaziazio baten gogortasunaren lagin txiki bat baino ez da izango, seguruenera, azken bi asteotan Siberiatik kontinente zaharrera etorritako hotza, baina nahikoa izan da ehunka hildako eragiteko eta alarma energetiko guztiak pizteko. Europa izotzaren azpian dago.
Ukrainara jo behar da hotzaren eraginez hildako gehien aurkitzeko; 125 pertsona inguru izoztu dira han, gehienak kalean. Zero azpitik 33 graduko tenperaturak ez du barkatu. Polonian, berriz, 65 pertsona inguru hil dira; Errusian, 60 inguru; Hungarian, 25 bat; Errumanian, 68; Bulgarian, 23; batzuk izotza urtzean sortutako uholdeetan itota galdu dira.
Ez alferrik, elurra pilatu eta pilatu egin da hiri askotako kaleetan. Bosnia eta Herzegovinan, bi metroko maila hartu du elurrak Sarajevoko kaleetan; inork ez zuen gogoratzen halakorik azken hamarkadetan. Helikopteroetan banatu du janaria armadak; hamazazpi pertsona hil dira. Serbian, 70.000 lagun oinarrizko zerbitzurik gabe geratu dira; hogei pertsona hil dira herrialde horretan. Kosovon izandako elur-jausi batean ere hildakoak izan dira: zazpi, hain zuzen. Kroazian, berriz, Adriatikoko itsasaldea zuri-zuri geratu da, hango biztanleen harrigarri. Txekian, berriz, hogei inguru hil dira hotzez —hamar bat Praga hiriburuko kaleetan—, eta, Eslovakian, bost. Azken gauak zero azpitik 22 gradutan eman dituzte Pragan, esaterako.
Palmondoak, zuri
Ekialdean ez ezik, Europako mendebaldean ere eragin handia izan du hotzaren oldarraldiak, hala pertsonen bizian (hildakoak), nola energiari dagokion arazoetan. Ez alferrik, Alemanian, Belgikan, Suitzan, Austrian, Herbehereetan eta Europako erdialdeko beste herrialde batzuetan, tenperatura ez da zero gradutik igo egun askoan; zero azpitik20-25 graduko hotzean eman dituzte gau ugari. Italian, 21 pertsona hil dira Siberiako hotzaldiaren eraginez. Argindarra eta gas hornitzea bertan behera geratu dira leku askotan, eskaerari erantzun ezinik. Frantzian ere pairatu dute neguaren oldarraldia: hamabost lagun hil dira jadanik, gehienak kalean, zero azpitik 15 graduko hotzean, Parisen esaterako. Ume bat ere hil da, izoztutako urmael batera erorita.
Hotzaldiak Europan 500 hildako inguru uztea bada albistea, baina neguak ekarri dituen egun izoztu hauen ikur argiagorik bada; irudi jakin batzuk dira. Adibidez, Aljeriako palmondoak zuriz jantzi dira, Afrikako herrialde hartan gutxik gogoan dituzten elur ekaitzen ondorioz. Gondolak eta bestelako txalupak Veneziako ubide izoztuetan geldirik ikustea ere bada zerbait. Hotzaldiaren beste aurpegia da; adeitsuagoa, inondik ere.
Normalean izozten ez diren itsas pasabide hainbat ere izoztu egin dira egunotan. Adibidez, Itsaso Beltza eta Azovekoa lotzen dituen Kertx itsasartea izozturik geratu da, eta nabigazioa eten egin da. Paradoxak: Artikoan noiz nabigatu ahal izango den zain daude herrialde askotako agintari eta enpresaburuak; planetaren berotzeak hango izotza noiz urtuko duen zain daude, eta, orain, betiko pasabide nabigagarriak izozten ari dira —bolada batean, behintzat—, muturreko klima baten ikur. Krimea eta Errusia lotzen dituen itsas pasabidean, 125 ontzi inguru geratu dira izotzetan harrapaturik, ipar poloan baleude bezala. Erdialdeko Europako ibai handienetan ere nabigazioa bertan behera geratu da egun askoan; adibidez, Danubion: izotz puskak arrisku handia dira han ontzientzat.
Negua epeletik zihoan
Aditu askoren iduriko, klima aldaketak badu zerikusirik hotzaldi honekin, baina, gehienek esaten dutenez, «ez da ohiz kanpoko gertaera klimatiko bat». Bada nabarmentzeko fenomeno klimatiko bat «ipar hemisferioko neguaren muturreko gertaeren barruan», baina ez dago arautik at. Izan ere, zero azpiko tenperatura gogorrak izan badira ere, ez da errekor historikorik hautsi ia inon. Duela 30-40 urte, «maizago» gertatzen ziren azken bi asteotako hotzaldiak. Orain, berriz, apartekoak dira.
Gainera, negua epel joan da Siberiako hotzaldiak Europako lurralde gehiena harrapatu duen arte; oso tenperatura epelak izan dira, «normalean baino beroagoak». Artikoaren gaineko baldintzen berezitasunak eragin du Siberiako presio altuko olatu hori Europan kokatzea, ipar-ekialdetik sartuta. Masa horrek Atlantikotik datozen itsas ekaitzak geratu ditu, eta haiekin datozen aire masa epelak ere bai. Horregatik izan dira Europan hainbeste egun izotzarekin, hotz izugarriarekin. Kontinentearen iparraldean, oraindik horrela jarraituko dute bolada batez.
Ezarian. Hotzaldia
Izotz egunak Europan
Azken hamarkadetako hotzaldirik handienak hartu du bi asteotan Europa; hildakoak eragiteaz gain, negu gorriak energia arazo larriak ekarri ditu zenbait herrialdetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu