Patxi Garmendia (Ordizia, 1956) historiako irakaslea da, Beasaingo institutuan. Astokale deitzen dioten Ordiziako kalean jaio zen.Uste du azokak herrian zeukan garrantziaren erakusle dela kaleei horrela deitzea; izan ere, azokara joaten ziren baserritarrek han uzten zituzten astoak lotuta. Horrelako adibide pila dagoela dio.
Zein testuinguru historikotan hasi zen Ordiziako azoka?
Kontuan hartu behar dugu, 1512ko martxoaren 18an sute handi batek ia herri osoa hondatu zuela. Harresiaren barnealdean zeuden etxe guztiak. Hori ikusita, oligarkiako eta Gipuzkoako Batzar Nagusiko kideziren ordiziar batzuek laguntza eskatu zieten Batzar Nagusiei. Hamar urtean diru laguntza asko eman zizkioten, eta, alde batetik, horri esker berpiztea lortu zuen.
Beste alde batetik, koroarekin harreman estua zuen Martin Mujikak, eta hark laguntza eskatu eta oso azkar egin zuten tramitazioa, bi hilabetean. Maiatzaren 15erako errege baimena eman baitzioten asteazkenero merkatu librea —hau da, zergarik gabekoa— egiteko.
Martin Mujika aipatu duzu. Nor izan zen?
Joana Eroaren diruzaina zen, eta ordiziarra, eta izugarrizko mesedea egin zion Fernando katolikoari (Joana Eroaren aitari), alaba erotuta zegoela baieztatu eta giltzaperatzeko. Horregatik, nik uste dut mesede gisa Fernando katolikoak hariak mugitu zituela Martini erantzuna hain azkar emateko. 1512rako giltzaperatuta zegoen Joana Eroa, baina errealitatean artean erregina zen. Orduan, erreginaren izenean dokumentua Fernandoren idazkariak egingo zuela uste dut.
Lehenagotik ere egiten omen zen azoka. Noiztik? Zenbatean behin?
XI-XII.mendeetan San Bartolome ermita inguruan trukeak eta feria txikiak egiten ziren, ustez. Hasieran, Gipuzkoako lurrak Nafarroako koroarenak ziren, eta 1.200 urte ingurutik aurrera, Gaztelakoek hartu zuten. Lurralde hori indartzeko hiribildu berriak sortu zituzten. Horien artean, Ordizia. 1268an jaso zituen Gasteizko Foruen eskubide eta pribilegioak. Zehaztuta dago ordutik hainbat abantaila zituztela merkataritza jarduerak aurrera ateratzeko. Alde batetik, nafarrekiko muga suspertzeko egin zuten eta, bestetik, Gaztelatik Frantziarako bidea indartzeko.
Zein momentu historikotan izan du indarrik handiena azokak?
Hasiera batean baimena eman eta gorabehera asko izan zituen XVIII. mendera arte sendotzeko eta egonkortasuna lortzeko. Esango nuke indartsuen egon zen garaia XIX. mendean hasita XX. mendeko 60ko hamarkadara arte izan zuela, azken mendean batez ere.
Ordutik, 70eko hamarkadatik aurrera, emakumezkoak lan munduan sartu dira, aldaketak gertatu dira gizartean eta, jakina, historian zehar izandako merkatuak ez die erantzuten gaur egun ditugun beharrei. Beraz, hor markatuko nuke muga.
Zenbaterainoko garrantzia izan du Euskal Herrian?
Euskal Herrian ez dakit, baina Gipuzkoan izugarrizko garrantzia izan duela esango nuke. Ez bakarrik Goierri eskualdearentzat, Gipuzkoa osotik etortzen baitziren, baita Bizkaitik ere. Hori jasota dago. Ordizian zehazten ziren aste osoko landa munduko produktuen prezioak, Gipuzkoa osorako. Ordiziako prezioak ez ziren aldatzen aste guztian azoketan.
Zein da azokaren egungo egoera?
Azoka nik uste dut egonkortuta dagoela, baina hainbat ekintza planteatu behar dira prozesua modernizatzeko. Eta horretan dago hori lortzeko sortu den batzorde bat. Bide berriak bilatzen ari da. Izan ere, daukan metodologiarekin ezin du jarraitu azokak. Pentsa inguruko herrietan antzeko azokak egiten direla astero. Beasainen, adibidez, asteazkenetan egiten da, Tolosan larunbatetan, baita Zumarragan ere... Antzekoak dira, eta ez da askorik nabarmentzen Ordiziakoa. Egia da azoka berezietan ezberdintzen dela, baina asteazkenetakoa geldituta dago.
Nola ikusten duzu azokaren etorkizuna?
Beste formatu bat izan beharko luke. Baliabide ugari ditugu: Internet, Facebook... Salmentarako beste bide batzuk badaude. Baina azokan pizten den nekazaritzako eta hiritar munduko harremana ere mantendu behar dela uste dut.
Patxi Garmendia. Historia irakaslea
«Izugarrizko garrantzia izan du Gipuzkoan»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu