Asteburuko proposamenak

Jai nagusien seme txikia prest

IruñeaFestara aterako dira berriro ere iruindarrak, San Fermin Txiki jaiak ospatzeko aitzakiaz

Euskal dantzek ere badute tokia San Fermin Txiki jaietan. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
2011ko irailaren 22a
00:00
Entzun
Urruti dituzte, jada, aurtengo San Fermin jaietako oroitzapenak iruindarrek. Arropa zuria soinean jarri eta zapi gorria lepora lotzeko gogo ikaragarria dute. Ez dute uztailera arte itxaron beharko, ordea. Bihartik hasi eta iganderaino, Nafarreriako jai batzordeak antolaturiko San Fermin Txiki jaiaz gozatzeko aukera izango dute.

Aurten ere udalak hainbat ekitaldi aurrera eramateko baimenak eman ez dituen arren, herritarrek izango dute non gozatu eta parte hartu, gustu guztiak asetzeko moduko egitarau mardula antolatu baitute.

Zuzeneko musika eskainiko duten ekitaldiak azpimarratzeko modukoak dira aurten. Gainera, beste urtetan huts samar geratu zen igande arratsaldea ere bete dute.

Ostiralean hasiko da San Fermin Txiki, txupinazoarekin, 12:00etan. Ondoren, Alde Zaharreko erraldoi txiki eta kilikien kalejira egongo da. 16:30ean, kartetan jokatzeko abilezia duenak lehiatzeko aukera izango du Nafarrerian egingo den mus txapelketan. Agustin Agirreren tailerrean, 17:30etik aurrera, beira nola lantzen den erakutsiko dute. Muthikoko gazteen eskutik, Musikarro ikuskizuna igaroko da Alde Zaharreko karriketan zehar, 18:00etan. Euskaraz kantatutako jotak ere izango dira Nafarrerian, 19:30ean. Ondoren, entzierro txikia izango dute.

Gauean, Auzogunean, Zabaldin, Auzoenean, San Agustinen eta herriko tabernan hainbat musika taldek musika mota desberdinetako kontzertuak emango dituzte.

Larunbatean, 45 ekitaldi inguru prestatu dituzte Euskal Jaia ospatzeko. Goiz osoan txarangek, txistulariek eta gaiteroek Alde Zaharreko kaleak girotuko dituzte. Horrez gain, 11:30ean, Algara eta Irrintzi peñen arteko herri kirolak jokatuko dira, eta 13:00etan helduen krosa izango da. Eguerdian, herri bazkaria egingo dute. Arratsaldean ere, euskal dantzak, kale animazioak eta musika edonon aurkitu ahalko da. Gauean, afariak eta kontzertuak izango dira.

Igande goizean, bestalde, azoka, prozesioa eta jotak entzuteko aukera egongo da, besteren artean. Haurrentzako tailerrek, kalejirak eta kontzertuek beteko dituzte festak amaitu bitarteko orduak.

Bestalde, udalak ere bere egitaraua prestatu du jaietarako; bihartik igandera bitartekoa osatu dute.

SAN FERMIN TXIKI

Non. Iruñean.

Noiz. Bihartik igandera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.