Manu Garcia. Alaveseko kapitaina

«Jaiak eta futbola uztartu ditut beti»

Urrezko Zeledon saria eman diote aurten Garciari, Alaves futbol taldeko kapitainari. Aitortu du «ezustea» izan dela halako sari bat jasotzea, baina «ohore handia» dela eta «harro» dagoela.

JAIZKI FONTANEDA / ARGAZKI PRESS.
Edurne Begiristain.
Gasteiz
2017ko abuztuaren 10a
00:00
Entzun
Aurten, urrutitik begiratuta bizi izan ditu Gasteizko jaiak Manu Garcia futbolariak (Gasteiz, 1986), denboraldi-aurrean bete-betean sartuta ibili baita. Hala ere, orain arte kirola eta jaia bateratu izan ditu Alaveseko kapitainak, futbolak ezarritako ordutegiak errespetatuta, hori bai. Aukera duenean, ez ditu galtzen txupinazoa, kontzertuak eta zezenetarako joan-etorriak.

Blanca Gomez de Segurak eta zerorrek jaso duzue aurten Urrezko Zeledon saria. Zer sentitzen da halako sari baten jabe izanda?

Ez nuen espero, inondik inora.Jakinarazi zidatenean, txantxa bat zela pentsatu nuen. Ez nuen uste ni bezalako pertsona batek horrelako sari bat jasotzeko aukera izan zezakeenik. Epaimahaiak nik sari hau jasotzea merezi dudala pentsatzen badu, gauzak ongi egiten ari naizelako izango da. Ohore handia izan da, oso harro sentitzen naiz.

Zure «borrokarako eta sakrifiziorako borondatea» goraipatu dute. Ez duzula ahaztu nondik zatozen.

Futbolaren mundua oso mediatikoa da, eta azken urteotan kluba asko handitu izana eta zaleak Alavesekiko sentimendu sendoago bat izateak aukera eman dit jendaurrean gehiago egoteko eta ni naizen moduan agertzeko. Oso pertsona arrunta naiz, eta gauza bera esan dezaket nire ingurukoen gainean: lagunak, arrebak, gurasoak... Gasteiztar izateaz harro gaude, hiri hau ordezkatzeaz harro gaude. Hiri honi maitasun berezia diogu, betidanik.

Futbolariok denboraldi-aurrea duzue garai hauetan. Nola daramazu lanean egotea zure hiriko jaiak direnean?

Aurten kanpoan egon gara jaietan. Eta, egia esanda, pena handiz. Orain arte, Alavesen jokatzen daramatzadan sei urteotan, aukera izan dut Andre Maria Zuriko jaiez ere gozatzeko. Entrenamenduak eta denboraldi-aurreko partidak aisialdiarekin eta jaiekin uztartzeko aukera izan dut. Azken urteotan, ez dut hutsik egin txupinazoan, eta beti aurkitu dut denbora familiarekin eta lagunekin jaiaz gozatzeko. Aurten, berriz, kanpoan pasatu behar izan ditut. Amorrua eman zidan jakin nuenean Alacanten [Herrialde Katalanak] izango nintzela egun hauetan. Baina lehentasunak daude, eta, noski, taldearentzat inportantea da kontzentratuta egotea.

Zer oroitzapen duzu jaiak beste modu batean bizi zenituen garaitik?

Egia esanda, txikia nintzenean kenduta, beti aritu naiz futbolean jaiak izan direnean, eta, beraz, jaiak eta futbola beti uztartu ditut. Gasteizen nagoenetik, beti izan dut aukera jaiez gozatzeko: dela zezenetarako joan-etorria ikusteko, kontzertuetara joateko, kuadrillarekin afaltzeko... Urte hauetan, izan dut aukera jaiez gozatzeko, futbolak ezartzen dizkigun ordutegiak errespetatuta, noski.

Zeintzuk dira urtero huts egiten ez dituzun ekitaldiak?

Jende guztia mugitzen den tokietan ibiltzen naiz. Alde Zaharrean ibiltzea gustuko dut, blusen eta nesken kalejirara beti joaten naiz nire kuadrillako lagun batzuk ikustera, txosnen gunea ere gustuko dut, kontzertuak... Jaietan edozein gaztek egiten duena egiten dut. Jaietako gune estrategiko guztietan gozatzen saiatzen naiz.

Txupinazoan jendetza artean sartzen direnetakoa zara?

Bai, gustuko dut. Beti saiatu naiz plazara joaten, azken urteotan ez dut hutsik egin. Lagunekin bazkaldu ostean, txupinazoa plazan ikusteko ohitura izan dut beti.

Jaietan ohitura asko daude errotuta: farolen prozesioa, egunsentiko arrosarioa... Horietara joaten al zara?

Bai. Familian ohiturak errespetatzen ditugu, farolen prozesioa ikusten dugu, eta egunsentiko arrosariora joan izan naiz. Abuztuaren 5ean ere Ama Birjinari bisita egiten diogu San Migel elizan. Gustuko ditut tradizioak.

Blusak aipatu dituzu aurretik. Inoiz atera al zara blusaz jantzita?

Ez. Nire lagunetako batzuk blusaz jantzita ateratzen dira, eta, batzuetan, haiekin bat egiten dut.

Jaien eta futbolarien arteko harremanari buruz asko hitz egiten da azkenaldian. Mito asko al dago horren inguruan?

Gazteak gara, eta, futbolak uzten digun heinean, jaiaz gozatzen dugu. Nik hala egiten dut. Nire burua nire adineko beste gazteekin alderatzen badut, askoz gutxiago irteten naiz. Futbolariok, ahal dugun neurrian, beste edozein gaztek jaiez gozatzen duen moduan gozatzen saiatzen gara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.