Jaiak irauli

Donostian batzorde berezi bat osatuko dute, auzo eta herriekin batera datorren urtean jai euskaldun eta parte hartzaileak eratzeko'Piratek' urteetan eskatu duten lekua izango dute aurten ekitaldietarako: kaia

Donostia
2011ko abuztuaren 2a
00:00
Entzun
«Jai euskaldun eta parte hartzaileak» nahi ditu Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak; hala adierazi zuen atzo, Nerea Txapartegi Kultura zinegotziarekin batera Konstituzio plazan egindako aurkezpenean.Aurtengo berritasunetako bat da piratei beren ekimenak antolatu eta aurrera eramateko urteetan eskatu duten eremua eman izana. Portu ingurua izango dute jarduerak egiteko leku ofiziala. «Estreinakoz, piratei beren lekua eman zaie; piratak non egongo dira ba hobeto, kaian baino», esan zuen Izagirrek.

Abuztuaren 13tik 20ra ospatuko da Aste Nagusia, eta guztira 279 jarduera jasotzen ditu aurtengo egitarauak. «Herritar guztientzako aukera dago programan», azaldu zuen Izagirrek; «bai txikienentzat, bai gazte eta helduentzat ere. Gonbita zabaldu nahi nioke donostiar, gipuzkoar eta euskal herritar orori, Donostiara etorri eta ondo pasatzeko».

Kalera «herri modura» irteteko deia egin zuen Izagirrek programaren ohiko alkatearen agurrean, eta, bide batez, datozen urteetan «jai euskaldun eta parte hartzaileen alde» lan egingo duela adierazi zuen. «Herria bihurtuko da benetako protagonista, eta euskarari merezi duen tokia emango diogu».

Batzorde berezia

Aste Nagusia amaitu eta berehala etorkizuneko Aste Nagusiei begira sortuko den batzorde berezi baten berri ere eman zuen alkateak. Donostiako hainbat auzo eta herritako jai batzordeak batu, eta guztien artean Aste Nagusi «parte hartzaile eta euskaldunagoa» lortzea da horren helburua. «Hemendik aurrerako Aste Nagusiak, Donostiako auzo eta herriekin elkarlanean antolatuko ditugu».

Txapartegi Kultura zinegotziak jaiak «errespetuz, edukazioz eta gizon eta emakumeen arteko berdintasunez» ospatzeari eman zion garrantzia. Horren harira, Silvia Carballo Berdintasuneko udal zuzendariak esan zuen inoiz baino zorrotzago ariko direla eraso sexisten kontra azkar eta irmo erantzuteko. Halaber, tabernari eta txosnen antolatzaileekin martxan jarritako protokoloaren berri eman zuen. Taberna eta txosnetan Hemen ez da eraso sexistarik onartzen leloa duten zapiak eta pegatinak egongo dira, eta halako erasoak gertatuz gero eman beharreko pausoak azaldu zituzten. Izagirre alkateak ere garbi hitz egin zuen gai horren inguruan: hiri honek ez du onartuko sexu erasorik, ezta inolako intolerantziarik ere».

Urtero bezala, kanoikadarekin emango zaio hasiera Aste Nagusiari. Aurten Añorga KEko nesken futbol taldeak izango du eztandaren osteko Artillero abesteko ardura, Alderdi Ederren.

Aurreko urteetako agertokiberberak izango dituzte aurtengo ekimen handienek. Indartsuenen artean, Su Festen 48. Txapelketa eta Marta Sanchezek zabalduko dituen Saguesko kontzertuak daude. Horretaz gain, beste bederatzi taldek ere emango dute beren kontzertua; tartean, Berri Txarrak eta Su Ta Gar talde euskaldunak daude. Melocos eta La Mala Rodriguezen ordez iragarri dituzte orain dela gutxi bi talde horiek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.