ATZEKOZ AURRERA. Julio Roca. Suziri jaurtitzailea

«Jaiak modu ezberdinean bizi ditut orain»

Zuzenak Kirol Elkarteko presidenteak eman die hasiera Gasteizko jaiei; azaldu du dibertsitate funtzionala dutenek aukera hobea dutela jaietara iristeko, baina oraindik ere badela zer hobetu.

Jon Rejado.
Gasteiz
2015eko abuztuaren 5a
00:00
Entzun
«Protokoloa errespetatu behar dudala errepikatu didate, behin eta berriz, baina badakite hori ez doala nirekin». Julio Rocak (Gasteiz, 1960) bota zuen suziria atzo arratsaldean.Zuzenak Kirol Elkarteari eta Fundazioari emandako saria izan da izendapena; Roca da hango presidentea. Elkartea 1980an jaio zen, dibertsitatefuntzionala duten pertsonen gizarteratzea errazteko helburuarekin. Suziria jaurti aurretik hitz egin du BERRIArekin.

Nork jakinarazi zizun suziria botako zenuela?

[Javier] Marotok berak hots egin zidan. «Zailtasunak gainditzen laguntzeagatik», sari gisa... [alaitasunik gabe barrez]. Zailtasunak denok gainditu behar ditugu! Kokoteraino gaude gauzak gainditzeaz! Garrantzitsuena da agerian uztea egindako lana, ez delako ikusten, egungo gizartean.

«Egungo gizartean». Zeri buruz ari zara?

Presaz bizi gara, eta ez gara ingurukoez arduratzen; bizilagunak duenaz, gehienez. Gauzak gertatzen zaizkigunean kezkatzen gara, eta orduan ikusten ditugu trabak. Gainera, oso ezberdin bizi du egoera elbarritasun batekin jaio denak, edo geroago jasan behar izan duenak. Nik poliomielitisa izan nuen txikitan, eta ez dut besterik ezagutu!

Mugak aipatuta, duela gutxira arte ezin zen San Migelgo balkoira aulki gurpildunean heldu.

Are gehiago, aulki gurpildunean dauden hiru kide ere han egongo dira. Ez zen batere erraza hara iristea, duela sei urte. Asko hobetu du Gasteizek alor hori, baina oraindik ere badu non lan egin.

Gasteizko jaiak iristeko errazak al dira?

Edonork du aukera jaietako edozein ikuskizunetara sartzeko, bai aulki gurpilduna erabiltzen dutenek, baimugikortasun urriko pertsonek. Arazoa administrazio publikoen eraikinetan dago, askotan.

Jaietan Gasteizen geratzeko ohitura ba al duzu?

Beti. Jaietan geratzeko ohitura izan dut; arnasteko arazoak areagotu zaizkidanetik, are gehiago. Inora mugitzea zaila egiten zait. Itotzen hasten naizenean gelditu, eta gero segitzen dut.

Leku bereziren bat ba al duzu, jaietan galtzen ez duzun horietako bat?

Los Txismes kuadrillan atera izan naiz beti. Egun bakarrean ateratzen gara, seian, baina ateratzen garenean dena ematera! Tira... garai batean dena ematen nuen, baina, esan bezala, modu ezberdinean bizi ditut orain jaiak. Neurrian jan, neurrian edan... Ateratzen ez banaiz, ez naiz mugituko! Nire moduan bizi dut jaia, eta gustura.

Nola bizi izan dituzu suziria bota aurreko azken orduak?

Ohikotik aterako den zerbait egin nahi nuen. Pena da, ordea, ez didatela ezta mikrofonorik ere utzi. Edo, agian, hobe da horrela; mikrofonoa utzi izan balidate, zortzietan jaitsiko zatekeen Zeledon.

Balkoian zaudela, milaka begi daude zuri begira...

Aizu! Urtero nago ni balkoian, argazkiak ateratzen.

Ados. Baina ez protagonista gisa.

Egia... Protagonista izateak askeago mugitzeko aukera ematen du. Pena da jai guztiak berdin-berdin hastea. Suziria, jaitsi, plaza zeharkatu, bitan abestu Zeledonen abestia, eta akabo! Bakoitza berera!

Hainbatetan aldarrikatu duzu txupineroa Bilbokoa dela, Gasteizen suziri jaurtitzaileak daudela.

Hori da. Bilboko txupineroak askoz ere presentzia handiagoa du jai guztietan. Gasteizen suziria jaurti eta akabo. Egiten duzun lanaren berri emateko aukera ematen du izendapenak, dena den. Bilbokoari jartzen dioten jantzia jarri beharko banu... [barrez].
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.