Tourrean parte hartu duten txirrindularientzat bezalaxe, gaurko Santiago eguna Gasteizko blusa eta nesken lehen mendatea izango da. Blusa eta neskentzat, berriz, gaurkoa izango da jaiei begirako lehen beroketa. Bihurgunez beteriko lehen aldapa malkartsuak zeharkatzen hasiko dira.
Hala ere, blusek eta neskek eskarmentua sobran dute, eta oraingo honetan ere kemen eta gogo handiz irtengo dira egunaz gozatzera. Jaietako bost egunen aurretik, gaurkoa lehen entrenamendu saioa izango da. Argi dagoena da guztiek intentsitate eta ilusio handiz biziko dutela, urtero legez.
Aurten, blusek eta neskek berrikuntza bat txertatu dute egitarauan. Ardo upelekin lasterketak egingo dituzte. Batzordeak erabaki du proba hori jartzea azken urteetan egiten zen ekintzaren alternatiba gisa. Udalak aurreko urteetan egiten ziren asto lasterketak debekatzea erabaki zuen, animalien eskubideen aldeko elkarteen kexak aintzat hartuta. Horren eraginez, gaurko proba lehenengo aldiz gauzatuko da.
Baratxuria, zaporea emanez
Blusa eta neskak, ordea, ez dira izango eguneko protagonista bakarrak. Haiekin batera, hainbat lekutatik etorritako baratxuri ekoizleek beren produktuen kalitatea erakusgai izango dute goizeko lehen ordutik egingo den azokan. Hara doazenek aukera izango dute baratxuri mota desberdinak ikusi eta erosteko. Produktuak goizeko zazpietatik hamabiak bitarte egongo dira salgai .
Azokako postuak San Frantzisko eta Errege kaleetan eta San Frantzisko aldapan egongo dira. 96 ekoizlek hartuko dute parte, eta, oro har, inguruko 13 probintzietatik etorriko dira. Ekoizle guztietatik 49 euskal herritarrak izango dira, gehienak bizkaitarrak (22 ) eta nafarrak (19).
Uztailaren 25ak esanahi berezia du gasteiztarrentzat. Hala ere, festan gehien murgiltzen direnak blusak eta neskak dira. Haiei eskainia da eguna, eta guztiek xarma berezi batekin bizi izan ohi dute: «Santiago egunean jai giroan murgiltzen zara. Egun nekagarria izanik ere, ahal den intentsitate handienenaz bizitzen saiatzen zara», esan du Luis Izagak, Blusa eta Nesken Batzordeko presidenteak.
Iritzi berekoa da Mikel Irusta Txirrita kuadrillako kidea: «Urtean blusa janzten zaren lehen eguna da, eta ilusio berezia egiten dizu».
Blusek eta neskek ez dute izaten aspertzeko inolako betarik. Egun osoan gozatzeko izaten dituzten jarduerek goizean goizetik ilunabarrera arte irauten dute: «Goizean goiz, hamaiketakoarekin hasten gara. Ondoren, txarangarekin ibiltzen gara, kaleko giroa animatzen», azaldu du Irustak. Arratsaldean, bazkaldu ondoren, zezenketetarako joan-etorria egiten dute Dato kalean barrena.
Ekitaldien artean garrantzi berezia izango du hildako blusa eta neskei egingo zaien omenaldiak. Txirrita taldeko zuzendaritzako kide Markel Saenz de Ugarteren esanetan, ekitaldia sentiberatasun handiko unea da.
Guztiak bat datoz Santiago egunean aktibo egon beharra dagoela eguna bere osotasunean gozatzeko. Izagak adierazi du adinean aurrera egin ahala gero eta nekagarriagoa egiten zaiola eguna. «Asko nekatu arren, azken ekitaldia bukatu arte tente eusten saiatzen naiz. Horretarako Red Bull bat hartu behar bada, aurrera».
Bestetik, aipagarria da urtetik urtera gero eta jende gehiagok ematen duela izena blusa eta nesken kuadrilletan. Aurten, talde berri bat egongo da. Guztira, 25 talde izango dira. Izagak nabarmendu du iaz 4.000 partaide inguru izan zituztela, eta aurten itxaron zerrendak egon direla taldeetan: «Azken urteetan, gero eta jende gazte gehiagok ematen du izena. Nire taldean, zehazki, 75 eskaera izan ditugu; horien artean, gero eta gehiago neskak dira». Haren ustez, urteak pasatu ahala «oreka» lortzen ari da mutilen eta nesken kopuruen artean.
Saenz de Ugarteren ustez, gero eta neska gehiago daude, baina oraindik aurrerapauso handiak eman behar dira. Irusta ere iritzi berekoa da.
BLUSA ETA NESKEN EGUNA GASTEIZEN
Jaien lehen mendatea
Lehen aldiz, ardo upelen lasterketa egingo dute Gasteizko blusa eta neskek, gaur, Santiago eguneko festan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu