Gasteizko jaiak

Jaietako zapore gazi-gozoa

Hiru gizon atxilotu dituzte Andre Maria Zuriaren jaietan, sexu erasoengatik. LABek kaleko saltzaileek jasandako erasoak salatu ditu. Geu elkarteak dio euskararekiko jarrera positiboa izan dela

4. Garbiaren Eguna. Jatorrak kuadrillak antolatutako Igerilekua eta pintapatos lehiaketa. JAIZKI FONTANEDA / @FOKU.
I. Vieira Gil eta L. Ortubay Ibabe
2023ko abuztuaren 10a
00:00
Entzun
Zeledonen igoerarekin amaitu dira Gasteizko jaiak, goizeko ordu batean. Udal Musika Bandak doinua jarri zion agurrari, eta jaien amaierako trakak publikoa emozionatu zuen. LaMia Marik azken kontzertua 04:00etan eman behar bazuen ere, plazan zeuden ikusleetako askok etxera buelta egin zuten su artifizialen ostean, aurreko gauek eragindako nekeak behartuta, agian. Oro har, jai egunetako giroa ona izan den arren, hiru gizon atxilotu dituzte indarkeria matxistagatik, eta, horrez gain, kaleko saltzaileen aurkako eraso arrazistak izan direla salatu du LAB sindikatuak.

Larunbatean gertatu ziren lehenengo sexu erasoak; Poliziak gizon bat atxilotu zuen adingabe bati sexu erasoa egitea leporatuta, eta 45 urteko beste gizon bat atxilotu zuten bikotekide ohiari mehatxu egin eta haren etxeko atean azidoa botatzea egotzita. Igande goizean, gainera, 22 urteko gizon bat atxilotu zuen Udaltzaingoak, emakume bati sexu erasoa egitea egotzita. Erasoak gaitzesteko, astelehenean antolatu zuen mugimendu feministak lehenengo elkarretaratzea, eta atzo egin zuen bigarrena, 20:00etan. Argi helarazi nahi izan zuten mezua: «Erasorik ez erantzunik gabe!».

LAB sindikatuak, bestalde, lehen eskutik jaso ditu jai egunetan kale saltzaileek jasan dituzten eraso arrazisten lekukotzak. «Ez dakigu zehazki zenbat egon diren, eta ezin izango dugu jakin, ez dutelako tokirik salaketa jartzeko», adierazi du Eli Etxeberria LAB sindikatuko kideak. Udaltzainek kalean saltzen ari diren pertsonak identifikatzen dituzte, 120 eurorainoko isunak jartzen dizkiete, eta, kasurik larrienetan, materiala ere konfiskatzen diete. «Ogibide hori aukeratu duten langileak dira guretzat, eta lasai eta behar bezalako baldintzekin lan egiteko aukera izan beharko lukete», aldarrikatu du LABeko kideak.

Etxeberriak berak azaldu duenez, Atzerritarren Legearen mehatxupean, kale saltzaileek ez dute inolako babesik izaten erasotzaileen aurrean. Egoera aldatzeko eta kale saltzaileek lanean jarraitu ahal izateko «hautu politiko zuzena» egin behar dela uste du Etxeberriak. «Ezkutuko arazoa denez, baina, askoz ere zailagoa da erasoak noiz eta nola gertatzen diren zehaztea». Saltzaileei duintasuna bermatuko dien konponbide bat eskatu du ondoren.

Blusa eta Nesken Batzordeak ere bere kezka du. Gero eta kalejira luzeagoak egin behar dituztela salatu dute, eta, beraz, gero eta aspergarriagoak ari direla bihurtzen.

Haien ustetan, abuztuaren 5eko lehenengo kalejira izan zen antolatzeko zailena, eta, azkenean, fanfarrearen eta kuadrillen artean hutsune handiak nabaritu zituzten aurreko urteekin konparatuta. Abuztuaren 7ko eta 8ko kalejiretan, ordea, ez zitzaien arazo handirik sortu, eta beti bezalako giroa izan zen. Azken egunetako tenperaturen igoeraren ondorioz, atzoko Joateko Kalejira bertan behera utzi behar izan zuten.

Kuadrilletan gero eta jende gehiago dagoela ei da arazo nagusia. Hain zuzen ere, blusa edo neska izateko eskaerak gehituz doaz urtetik urtera, eta, aurten, 200-400 eskaera jaso dituzte kuadrillek.

Euskarak hartu du plaza

Gasteizko bihotzean ezkutatuta dago Aihotz plaza. Jaietako euskararen arnasgunea da, eta bertan dauka txosna Geu elkarteak. Giroa euskalduntzeko lan egin dute aurten bederatzigarrenez, eta orokorrean «balorazio positiboa» egin daitekeela adierazi du Azaitz Unanue Geu elkarteko kideak. Txosna edukitzeaz gain, euskarazko programazioa ere eskaintzen dute bertan.

Kuadrillentzako ekintzak ere sortu dituzte. Blusa eta Nesken Batzordearekin hasi ziren iaz elkarlanean, eta euskarari presentzia ematea izan dute helburu nagusi. Hala, euskara sustatzeko bi ekitaldi nagusi egin dituzte aurten, eta antolatzaile guztiek poza adierazi dute lortutako emaitzekin.

Prestatutako ekintzen artean, Belarriprest arrantza egin zuten, non partaide bakoitzak euskaraz ulertzen duen norbait eramanbehar zuen Aihotz plazara. Jarduera horren helburua izan zen erakustea euskaraz egiteko aukera «erraz» handitu daitekeela. Bestalde, Mintzabermuta egin zuten, edan bitartean jendeak euskarazko elkarrizketak izateko. «Lagun kopuru polita hurbildu zen, eta oso gustura aritu ziren».

Blusa eta Nesken Batzordeko askotariko kideak elkartu zituzten Gasteizko jaietako ekintzetan,euskaraz hitz egiteko aukera handiak daudela erakusteko asmoz. «Pixkanaka-pixkanaka, bagoaz aurrerapauso txikiak emanez», adierazi du Unanuek. Eta gehitu du gaur egun gasteiztarren erdiek euskara ulertzen dutela, eta gazteen kasuan kopurua are handiagoa dela. «Aukerak egon badaude, beraz, eta saiatzea besterik ez da geratzen».

Horrez gain, udalak Aihotz plazan antolatutako kontzertuak nabarmendu ditu Unanuek: «Udalak aurten asmatu du kontzertuekin». Azaldu du emanaldi «indartsuak» eskaintzeko «apustu berezia» egin dutela, eta kontzertuak aukeratzerako orduan egin duten lana eskertu die kultura teknikari guztiei. Izan ere, lan horrek jende ugari erakarri du, eta plaza «inoiz baino gehiago» bete da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.