Euskal Herriko toki askotan ohikoa izan ohi da animaliak eta gizakiak lotzen dituzten ekitaldi tradizionalak ikustea, batez ere jaiegunetan. Azkenaldian, baina, zenbait herritan ekitaldi horiek arindu egin dituzte, eta bizirik dauden animaliak erabiltzeari utzi diote. Halere, era batera edo bestera, animaliak oso present egon ohi dira jaietako egitarauetan. Euskal Herriko jairik ospetsu eta nazioarteko kutsu gehien duena ikusi besterik ez dago. Iruñeko sanferminek animaliekin eginiko jokoetan dute erakargarritasunik eta oihartzunik handiena. Beste herriko jai askotan ere, tradizioaren aitzakia baliatuz ikuskizun ugari egiten dituzte animaliekin. Zezenketak ohikoenak badira ere, entzierro eta zezen plazetatik harago ere animalia ugari erabiltzen dituzte dibertsiorako. Oilaskoei lepoa moztea, antzara jokoak, ahari jokoak, asto lasterketak, idi demak, zirkuak...
Euskal Herrian, animalien sufrimendua legez galarazita dago. Ipar Euskal Herrian, Landa Kodearen L-114 artikuluak babesten ditu animalien eskubideak. Nafarroan, berriz, 7/1994 foru legeak, eta Euskal Autonomia Erkidegoan, 6/1993 legeak. Halere, lege horiek praktikan leku oso gutxitan betetzen dira. Hortaz kexu da Kepa Tamames Animaliei Tratu Etikoa Ematearen Aldeko Elkarteko (ATEA) bozeramailea. «Ez dira lege txarrak; arazoa da ez direla betetzen, arrazoi sinple batengatik: ez dute legea betearazi nahi».
Honela dio 6/1993 legearen laugarren atalak, hitzez hitz: «Debekatua dago animaliei tratu txarra ematea eta arrazoirik gabeko oinaze, min eta larritasuna sor diezaiekeen edozer gauza egitea». Soilik atal horretan oinarrituta makina bat egoera debeka daitezkeela dio Tamamesek. «Legea eskutan, asto lasterketak eta San Tomas eguneko animalia zozketak debekatuko lituzke edozeinek», dio. Prozedura administratiboari jarraiki, udaletxeetan salatu behar dituzte elkarteek egoera horiek. «Udaletxeetan ez digute jaramonik egiten, bai baitakite baliabide urriak ditugula eta ezin garela etengabe haien kontra borrokatu».
Tradizioak leuntzen
Urte andana igaro ditu Tamamesek animalien eskubideen alde lanean. 1986an hasi zen ATEA elkartean lanean, orain 26 urte, eta itxaropentsu agertu da etorkizunari buruz. Izan ere, urte horietan guztietan gauzak asko aldatu direla uste du, gizartean kontu horiekiko sentsibilizazioa piztu delakoan baitago. «Agian, sufritzen duten animalien kopurua ez da gutxitu, baina gutxienez eztabaida gizarteratu da; jendeak egunero deitzen digu kontu hauetaz galdezka». Horren erakusgarri da hainbat udal erakundek jarrera aldatu izana. Donostian, esaterako, udalak ez du kontraturik berritu zezen etxeekin, eta, beraz, ez dira zezenketa gehiago izango Aste Nagusian. Beste udalerri batzuetan ohiturekin jarraitu badute ere, horiek zertxobait aldatu dituzte animalien sufrikarioa saihestearren.
Lekeition eta Markinan (Bizkaia), adibidez, antzara hilak erabiltzen dituzte antzara jokoetan. Lekeition, 1986. urtean utzi zioten bizirik zeuden antzarak erabiltzeari, udalaren erabakiz. Erabakiak polemika handia sortu zuela gogorarazi du Tamamesek. «Baikorra da antzara hilak erabiltzea, baina, gure ustez, urrats gehiago egin behar dira». Animaliak guztiz alde batera uzteko eskaera egiten du ATEAk, antzara artifizialak erabiliz horien ordez. Udalak azaldu duenez, herriak hausnartu eta hartu behar lukeen erabakia da.
Mutrikun ere (Gipuzkoa), ohiturak moldatu, eta, benetako ahateak erabili ordez, iaztik gomazkoak erabiltzen dituzte. Aurreko urteetan, ahateak kaian askatzen zituzten, ondoren harrapatzeko. Hegoetan ebakiak egiten zizkieten, hegan eginez ihes egin ez zezaten. «Herritar batzuek eskatuta aldatu zen ekitaldia», azaldu du Iratxe Gimenez Mutrikuko kultur tenikariak. Herritar batzuk erabakiaren aurka agertu baziren ere, oro har erabakiak harrera ona izan duela dio Gimenezek.
«Jendeari animaliak bakean uzteko aukera ematen badiozu, eta erakutsiz gero pertsonen gozamenerako animaliak ez duela sufritu behar, urte pare batean ahaztu dute lehenago animaliak erabiltzen zirela», dio Tamamesek.
Adunan ere (Gipuzkoa) moldatu egin dute oilasko joko tradizionala. Dantzan baserriz baserri joaten ziren oilaskoak jasotzen, eta makil batean buruz behera zintzilik jaisten zituzten herriko plazara. Plazan, dantza bat egiten zuten begiak estalita, eta ezpata batekin lepoa mozten zieten oilaskoei. Aurten, lehenengo aldiz tradizioa moldatu eta arindu egin dute. Baserriz baserri dantza egiten jarraitzen dute, baina oilaskoak, zintzilik eraman beharrean, atoian eramaten dituzte. Ondoren, plazan oilasko politena aukeratzen dute boto bidez. ATEA elkarteak begi onez ikusi du aldaketa, baina azken urratsa falta dela gogorarazi dute: «Aurrerapauso handia da, baina azken urratsa falta zaie: animaliak erabiltzeari uztea».
Josu Amilibia Adunako alkateak honela azaldu du aldaketa: «Azkenean, gizartearen bilakaerari jarraituz eta ohiturak ahal den heinean mantenduz, denbora berrietara egokitu behar dugu». Herrian, oro har, ez dela eztabaida handirik egon dio Amilibiak. «Azkenean, dena iritsiko da», dio Amilibiak, oilaskoak erabiltzeari uzteko ATEAk egindako eskaerari buruz. «Animalien sufrimenduarekin ikuskizun publiko bat ez egitea lortu da; garrantzitsuena egina dago».
Euskal Herriko eta munduko festarik entzutetsuenak dira Iruñeko sanferminak. Goizero egiten duten zezenen entzierroa festaren ikur nagusia bilakatu da, hedabideez gain milaka zale eta ikusle ere biltzen dituena. Tamames entzierroari garrantzi handiegia ematen zaiolakoan dago. «Minutu gutxi batzuk besterik ez da egitarauz josiriko egun batean. Entzierrorik gabe sanferminak desberdinak lirateke, ados. Hoberako izango litzateke aldaketa, etika global baterantz urrats garrantzitsua egingo baitzen. Eskubidea al dugu gure gozamenerako beste izaki batzuei sufriarazteko?».
ATEAko bozeramaileak azaldu duenez, Euskal Herriko jaietan batez ere sokamuturrek, asto lasterketek, jokatzeko behiek eta gisa horretako ikuskizunek urratzen dituzte animalien eskubideak. «Ikuskizun odolgabeak dira, baina krudelak dira, bortizkeria psikologikoa jasaten baitute animaliek».
Jaiegunak aprobetxatuz, herri askotan egiten dituzte idi demen txapelketa edo erakusketak. ATEAk azaldu duenez, harriak arrastaka garraiatzea ez da idien zeregin naturala, eta haien gaitasuna gainditzen du.
Eduardo Arrizabalaga ez da iritzi berekoa. Gipuzkoako Herri Kirolen Federazioko batzarkidea, idi demen epaileen buru eta antolatzailea da. Bere arbasoen antzera, betidanik ibili da mundu horretan. «Noski, sufritzen dute; azken finean, idi dema kirol proba bat da, eta ordu erdi horretan sufritu sufritzen dute». Animaliak horretarako «egokituak» daudela dio, eta kirol probetatik kanpo abereek bizitza «aproposa eta osoa» dutela ziurtatu du.
Animaliei sufriarazten dieten ikuskizunak, etikoki arbuiagarriak izateaz gain, ikuskizun hori ikusten duten haurrentzat kaltegarriak izan daitezkeela ohartarazi du Tamamesek. Izan ere, hainbat ikerketak frogatu dutenez, beste izakiak sufritzen ikusteak eragina du haurrengan. Haurren sentsibilizazioan eragiten du, eta ikusitako jokabidea isla dezake etorkizunean. «Gainontzekoen interesak kontuan hartuko ez dituen balio sistema isla dezake».
Nahiz eta oro har zenbait ohitura aldatzen joan diren animalien eskubideen mesedetan, tradizioari estuki lotuta jarraitzen duten zenbait herritan ezinezkoa dirudi horiek moldatzea. Zestoa eta Azpeitia (Gipuzkoa) dira horren adibide. Iragan ekainean, Zestoan herri galdeketa egin zuten zezenketen inguruan, eta gehienek horien aldeko botoa eman zuten. Herriak zaletasun hori berretsi zuen Amabirjinaren jaietan, zezen plaza betez. Horren aurrean, hezkuntzaren garrantzia aldarrikatu du Tamamesek: «Gure balio etikoak berriro pentsatu behar ditugu, eta geure burua eta gainontzekoena berriro hezi; ez dago beste biderik».
Ezarian. Animalien erabilera jaietan
Jaietan urratutako eskubideak
Animalien eskubideen aldeko kontzientzia areagotu, eta tradizioak gaurkotu egin dituzte hainbat herritan. Animalien aldeko elkarteek uste dute urrats gehiago egin beharko liratekeela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu