Gasteizko udalditxoa deitzen diote Santiagotik Santa Ana egunera bitarteko epeari, etaaurten ere tradizioak ez du hutsik egin. Eguzkiarekin esnatu zen atzo Arabako hiriburua, Blusen eta Nesken Egun handian, eta sargori egin zuen iluntzera arte. Zerumugan hodei bakar bat ere ez, eta festarako gogoa inoiz baino biziago izan zen gasteiztarren artean. Lehen ordutik milaka lagunek gozatu zuten festa eguneko egitarauarekin,Andre Mari Zuriaren jaietarako sasoia hartzen hasteko entsegu aparta.
Bezperan parrandan ibilitakoek utzitako lekukoa hartu zuten goizean goiz jaikitako 23 kuadrilletako neskek eta blusek. Abarkak, blusak eta gonak zikindu baino lehen, bete beharreko ohiturak ondo bete zituzten denek: zortzietan, meza, eta, ostean, kide zenduei ekitaldi xumea eskaini zieten Santa Isabel hilerrian.
Jarraian,asto lasterketan parte hartzera abiatu ziren asko eta asko Andre Mari Zuriaren plazara. Aurten, murrizketen eraginez, udalak egitarau ofizialetik kanpo utzi du ekitaldi hori, baina okindegi ezagun baten babes ekonomikoari esker antolatzea lortu dute azkenean. «Pena izango zen egun honetako bereizgarri nagusietakoa galtzea. Asto lasterketarik gabeko Santiago egunik ezin dut imajinatu!», zioen Asier Legarza blusak. Oso bestelako iritzia zuten plazan bertan animalien eskubideen defentsan bildutako hainbat lagunek. «Hiriburu Berdean halako ekitaldiak egitea ez da etikoa», zioen batek.
Motorreko kaskoak, bikingoen adarrak, panpinak, tutuak... xelebrekeria ugari ikus zitezkeen asto gainean korrika ibilitako blusa eta nesken janzkeran. Kostata lortu zuten askok astoek korrika egitea, eta bultzatu behar izan zituzten helmugara iristeko. Hamabi astok parte hartu zuten lasterketan, eta, azkenean, Galtzagorri kuadrillako Puta Crisis zaldikoak lortu zuen helmuga lehen tokian zeharkatzea. Iñigo Santamaria blusak eskuratu zuen okindegiak sari gisa egindako ogi sorta.
Berakatza, nonahi
Asto lasterketaren zalaparta isildu orduko, barreiatzen hasia zen baratxuri usaina Gasteiz erdigunetik. Gasteiztarrek ez zioten hutsik egin San Frantzisko aldapako merkatuari, eta berakatz korda lepoaren bueltan jarrita jende andana ibili zen. Nahi adinako eskaintza eskura zuen erosleak: hiru euroan kiloa, eta ohiko txirikordak —50 baratxuri buru edo gehiago—hamabi eta hemezortzi euro bitartean saldu ziren gehienbat.
Hamaika postuk bete zituzten Alde Zaharreko inguruak, baina krisiaren eraginez edo, salmenta apalak izan ziren, Nafarroatik etorritako saltzailerik gehienak kexu zirenez. «Jendeak prezioak galdetzen ditu, begira geratzen da, baina gutxi erosten du», zioen Berbinzana herritik joandako Loli Esteban saltzaileak. Santiago egunera hutsik egiten ez duen horietakoa da Tuterako Florencio Aspiazu, eta, aurreko urteekin alderatuta, salmentek zertxobait behera egin dutela aitortu zuen: «Jaieguna soilik hiriburuan izateak eragina izan du, eta jende gutxiago dabil erosten».
Baratxuri postuetatik gertu dago Plaza Berria, eta han bildu ziren arratsaldeko lehen orduan milaka blusa eta neska, zezenetarako joan-etorria egiteko. Txaranga eta txistuen musikak lagundutako desfile koloretsua ikusteko, gainera, jendetza bildu zen zezen plazara arteko bidean.
Ilundu arte iraun zuen festa giroak Gasteizen. Neska, blusa eta gasteiztar ororentzat, Andre Mari Zuriaren jaietarako beroketa aparta izan zen atzokoa. Hasia da atzerako kontua, Zeledon jaitsi eta parrandan hasteko.
Jaietarako sasoi betean
Asto lasterketa, baratxuri kordak eta zezenetarako joan-etorria gailendu dira Gasteizen, Blusen eta Nesken Egun eguzkitsuan. Andre Mari Zuriko jaietarako beroketa aparta izan da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu