Ezarian. Mitologia

Jainkoak gure kaleetan

Euskal Herriko kaleak mitologia klasikoko, eta euskal mitologiako jainkoz josita daude. Eskultura, kale eta denden izendegietan topatu daitezke.

Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2011ko martxoaren 27a
00:00
Entzun
Liburuetatik kanpo, mundu klasikoak bizirik jarraitzen du. Eskultura itxurarekin, edo kale edo denden izenekin, Grezia eta Erroma klasikoko izaki mitologikoak gure artean daude. Historian zehar gizartea hezteko erabili izan dira jainko horien irudiak, eta gaur egun ere asmo horrekin jarraitzen dute gure kaleetan.

«Greko klasikoa eta latina galdu diren arren, mitologiarekin lotutako sinbologia ez da galdu, eta etorkizunean ere horretan jarraituko du», dio Maite Muñoz EHUko mitologiako irakasleak. Mitologia gizartean erabat sustraituta dagoela uste du; izan ere, Erdi Arotik jartzen dira kale eta eraikinetan jainko klasikoen irudiak.

Oroimen kolektibo hori lantzeko, gainera, jainkoek behar duten testuinguruan jartzen dira askotan. Adibidez, Bilboko Arte Ederren Museoaren kanpoaldean Melpomene kantuaren musa dago, eta, Iruñeko udaletxeko erlojuaren gainean, Feme zurrumurruaren pertsonifikazioa. «Horrela, gizarteak bi gauzak erlazionatzen ditu; bestela, ikusi besterik ez dago zenbat ile apaindegi dauden Venus izenarekin», Muñozen arabera.

Erroma eta Grezia klasikoko kaleetan jainkoen irudiak jartzeko garaian, ordea, bestelako irizpideak hartzen zituzten kontuan. Pertsonaia bakoitzak funtzio bat zuen: soberanoa, ugalketarena eta gudarena. «Orduan, gudarosteetan ugalketaren funtzioa zuten jainko gehiago agertzen ziren herriko kaleetan», dio Muñozek.

Industrializazioarekin indartu

Pizkundearekin sekulako bultzada jaso zuen mundu klasikoko mitologiak, eta XIX. mendean beste hainbestekoa izan zuen industrializazioarekin. Ordura arte, mitologiaren ezagutza nobleziaren esku zegoen, eta euren liburu, margo eta eskulturetan askotan agertzen ziren izakiok. Baina, industrializazioarekin, burgesia sortu zen, eta gizarte klase berriak aristokraziaren sinboloak ere bere egin zituen. Horrela, mitologiaren erabilera ere bereganatu zuten. Beraz, burgesiaren ondorioz, XIX. mendean, mitologiaren erabilera berriz indartu zen. Esate baterako, Bilbon dauden kaleko eskultura gehienak industrializazio garaian jarritakoak dira.

Baina mitologiak kaleetan duen presentzia aldatzen ari ote da? Zalantza hori du Muñozek. Izan ere, «Gasteizen bi kale berri daude, eta izendatzeko garaian, izaki mitologikoen izenak jarri beharrean, liburuenak jarri dizkiete: Odisea eta Iliada». Bi liburu horiek estatu-nazioen oroimen kolektiboa eraiki zuten, eta Pizkunde garaian inspirazio iturri bihurtu ziren. «Bi adibide horiengatik, ezin daiteke joera berri batez hitz egin, baina harritu egin nintzen, orain pertsonaiak baino liburuak gehiago ezagutzen ditugulako izan daiteke», azaldu du Muñozek.

Euskal mitologia

Euskal mitologiari dagokionez, kalean apenas dute presentziarik gure izakiek. Muñozen ustez, «horren arrazoia iturri literarioen gabezian dago. Pertsonaia batzuk ezagunak zaizkigu, baina, kalean galdetuz gero, agian haurrek esango dizute zerbait, eskolan ikasi dutelako. Baina ikasi egin dute», mitologia klasikoarekin gertatzen ez den bezala. Hori dela eta, euskal mitologiak sustrai gutxi dituela azpimarratu du Muñozek, eta gizarteak ez du ikonografia asimilatu.

Ikonografia hori sortzeko bidean, Nestor Basterretxeak Euskal Kosmogonia seriea egin zuen 1973an. 2007an Bermeoko udalari doaitzan eman zion seriea, eta herriko plazan jarrita daude euskal mitologiako 18 izakiak. Basterretxeak serie hau egin zuenean, «gure mitologia ez zegoen indartsu. Eta egoera hori hobetzeko, sortu egin behar da. Basterretxeak ziurrenik behar hori sentituko zuen», dio Muñozek.

Edozein moduz, euskal mitologiako izakiak kale eta merkatu izendegietan gehiago agertzen dira. «Euskal mitologian adar herrikoia gailentzen da, beraz herritarrek erabiltzen dituzte bertako elementuak, baina falta zaigun adarra aristokratikoa da», dio Muñozek. Kontuan hartu behar da euskal mitologiaren pizkunde hau orain dela urte gutxi gertatu dela, «eta hori guztia asimilatzeko denborarik ere ez dugu izan; beraz, ulergarria ere bada hein batean», zehaztu du Muñozek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.