KOMUNIKAZIOA. Uhinetatik tiraka

Jaio ala hezi

Xabier Lasa.
2010eko irailaren 26a
00:00
Entzun
Hizkuntza bataioa. Unai Sordok Euskadiko CCOOko idazkari nagusiak euskarazko lehen elkarrizketa eskaini zuen asteazkenean. Faktoria saioan, Joxe Juan Ugaldek zorionak eman zizkion euskararen unibertsora bildu izanagatik. Euskal kazetaritza egiten errazteagatik ez ezik euskaldunongana hurbiltzeko ahalegina estimatu zion; horretan, irratizale euskaldunen sentimendua jaso zuen kazetariak. Gizarte normalizatu batean sobera legoke poza, bertako hizkuntza ikasteko gaitasun intelektual hori eta gehiago beharko bailuke eduki milaka langileren ordezkari den buruzagi batek.



Intelektoa. Lopezek Legebiltzarrean euskaraz testu labur bat irakurri zuela eta, euskararen ikasketaren gaia hartu zuten ahotan Martxelo Otamendik, Gorka Landaburuk eta Luis R. Aizpeoleak Ganbara-ko tertulian. Gutxieneko maila intelektuala duen edonork gogoa eta dedikazioa besterik ez duela behar euskal hiztuna izateko zioen lehenak; beste biek, berriz, Francoren garai latzak eta batzuen berezko ezintasun genetikoa aipatu zituzten, euren burua zuritu nahian bezala. Kirolari edo bertsolari iaioa soilik jaiotzez datorren, edo bidean ere egin litekeenaren inguruko eztabaida zaharra berritu ziguten kasik gauerdian. Jaio ala egin, nork bere bizitzako lehentasunen zerrendan euskara zenbatgarren jartzen duen, hor datza koska.



Inkestatxoa. EITBko gaztelaniazko irratian iritzi emaileen Olinporako deituak dauden ustez pertsona jantzi horien artean euskararen ezagutzari buruzko inkestatxoa eginez gero, datu harrigarriak irtengo lirateke; euskararen kaltetan, ziurrenera. Ideologiarekin lotutako iritzi-emaileen tipologiaerretratatuko litzateke. Javier Vizcainok Gabon-eko asteazkeneko solaskideak etologo izatera jarrita zituela, Iñaki Antiguedadek hurrengo asterako ETAren agiriak euskaraz aztertzeko erronka jo zien kideei, hots, Iñigo Manriqueri (PP) eta Elena Etxegoieni (EAJ). Baietz erantzun zioten bi politikoek. Hutsean geratuko da kontua, baldintza askok egin behar baitute bat: hiru tertulianoek eta moderatzaileak eztabaida euskaraz egiteko moduko hizkuntza gaitasuna izatea, laurek ETAren agiriak osorik irakurtzea, moderatzaileak ahal eta nahi izatea, irratiak euskarazko solasaldi bat utzi ahal eta nahi izatea... Baldintza gehiegi, esan bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.