Genoma bakarretik zelula-mota zeharo desberdinez osatutako organismoa garatzea misterio handia da Biologian. DNA sekuentzia bera izan arren, zerebro, gibel edo ileko zelulak oso desberdinak dira, egitura zein funtzioari dagokiela. Orkestran, sinfonia bat osatzeko, musikari bakoitzak partituraren pasarte zehatzak jotzen dituen moduan, zelula-mota bakoitzean aktibatuta eta isilarazita dauden gene-multzoak desberdinak dira, DNA sekuentzia beretik jarraibide-sorta desberdinak irakurtzen dituztelako. Zigoto ernaldu berriak partitura osoaren (genoma) lehen kopia dauka, eta gorputzeko hamar mila milioi zelula sortzeko gertatzen diren zatiketa errepikatuetan zehar, zelula alabek joko dituzten tresna eta zatiei buruzko argibideak jaso behar ditu, genomarekin batera. Eginkizunen esleipen hori gutxika gertatzen da, eta mitosi bakoitzean zelularen leinu bat edo besteranzko konpromisoa irmoago bihurtuz doa, itzulezin bilakatu arte. Bilakaera horren ardura, nukleotidoen sekuentziaren gainetik dagoen beste informazio-geruzari dagokio: epigenomari.
Epigenomak geneen eskuragarritasuna kontrolatzen du, zelula bakoitzean, intereseko gene-sortak aktibatu eta besteak erreprimitzeko aginduak gordetzen dituelarik. Nukleotidoen sekuentzia aldatu gabe, milioika arrasto kimikok osatzen dute epigenoma, DNA molekulan bertan (metilazioak) edo haren euskarri soiltzat jotzen ziren histona izeneko proteinetan (azetilazioak, fosforilazioak, ubikitinazioak...) jasota. Ingurumenak edo beste zelulek igorritako kinadek (hormona, hazkunde faktore, metabolitoak...) eragiten dituzte aldaketa epigenetikoak, eta mitosiaren bitartez, zelula alabei hedatzen dira. Zelula aitzindariek pairatutakoa jasotzen duen memoriaren antzekoa da eta markak pilatuz doaz, zelula-leinuaren patua pixkanaka bideratu eta genoman idatzitako mezu aldagaitza horretara birmoldaturik. Gutako bakoitzak, genoma bakarra baina epigenoma anitz daramatzagu, zelula-mota desberdinetan sakabanaturik.
Hurrengo erronka
Eskala handiagoan, indibiduoak heredatutako informazio genetikoaren afinatzea dagokio epigenomari, unean uneko kanpo-ingurumen aldakorrari ahalik eta modurik egokienean erantzuteko. Arrasto epigenetikoek genomaren adierazpen-profila eraldatzen dute, eta hori fenotipoan nabarituz doa bizitzan zehar. Adibiderik argiena genoma berbera duten biki monozigotikoena da; txikitan berdin-berdinak izan arren, adinarekin desberdintasunak agertuz doaz, itxuran, izateko eran eta gaixotasunak pairatzeko arriskuan, bakoitzak garatutako epigenoma desberdina dela medio. Izan ere, elikadura, estresa edota substantzia kimikoek eragina dute epigenoman eta hainbat osasun-arazoren atzean, bizimoduak (tabakoa, ariketa fisikoa, dieta...) eragindako aldaketa epigenetikoak egon litezke, haien ondorioz genomaren adierazpen-profil kaltegarria nagusitu delako. Epigenoma deszifratzea Genetikaren hurrengo erronka nagusia da; mekanismoak ulertzeko edota aldaketa epigenetiko kaltegarriak identifikatu eta zuzentzeko egitasmoak martxan daude, bai eta giza epigenoma proiektua ere.
Ernalketaren ostean zigotoaren epigenoma zerora ezabatzen zela uste bazen ere, hainbat arrasto epigenetiko belaunalditan zehar mantentzen direla ikusi da, eta horrek ondorioak izan ditzake. Suediako ikerketa baten arabera, orain berrehun urteko elikagaien eskuragarritasuna (uzten erregistroen arabera) garai hartako gizonezkoen bilobek duten diabetes eta bihotzeko gaitzak pairatzeko arriskuarekin lotuta legoke. Antza, 9-12 urteko mutikoen bizimodua erabakigarria da, orduan eratzen baitira geroko espermatogonia guztiak, eta bertan, hurrengo belaunaldietara transmitituko den une hartako ingurumenaren argazkia gordeta dago, epigenoman. Adin hartan erretzen zutenek, gainera, gehiegizko pisua duten bilobak izan zituzten. Hortaz, ingurumenak gure herentzia molda dezake, gure ekintzek guregan ez ezik gure ondorengoengan ere isla dutelako. Hartutako erabakiek ez dute soilik norberaren etorkizuna baldintzatzen, espeziaren bilakaeraren erantzule baikara denok... honetan ere!
EZARIAN. ZIENTZIA. Argi Aldian
Jaio edo egin?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu