Ezohiko jaioberri batzuk daude Aezkoan (Nafarroa): ia lau metro dituzten erraldoiak. Urtero egiten dute Aezkoako Eguna ibarreko herriren batean, eta bazkaria, erakusketak, lehiaketak eta dantzaldia izaten dituzte, besteak beste. Aurten Garraldan izango da festa, eta jaioberrien ateraldia izango da bereziena. Irailean izango da hori. Jaioberrien lehen urratsak izango dira. Aurkezpenean aterako dira erraldoiak dantzara, joaldun eta aetzekin batera, edo hori da, behintzat, Aezkoako Eguna antolatzen duen Aezkoako Kultur Elkartearen asmoa.
Bederatzi herrik osatzen dute Aezkoa ibarra: Orbaizeta, Orbara, Aria, Aribe, Garaioa, Hiriberri, Abaurrepea, Abaurregaina eta Garralda. Eta bakoitzean erraldoi bat egingo dute. «Aezkoako Kultur Elkartearen ideia zaharra da, baina inoiz ez dira animatu egitera». Erraldoiak egiten laguntzen ari da Garazi Iribarren. Orbaizetan ari da, herritar talde batekin batera. «Hiriberriko taldetxo bat hasi zen lehenengo erraldoia egiten, eta gero gainerako herrioi pasa digute lekukoa». Auzolanean ari dira. «Gogotsu ari gara denak. Gazte eta helduak, adin guztietakoak». Oraingoz, Hiriberrikoa eta Abaurrepekoa dituzte bukatuak. Baina erraldoi bat egiteak lana dakar, eta uda osoa beharko dute besteak bukatzeko.
Martxoan hasi ziren Hiriberrikoa egiten, eta hilabete eta erdia behar izan dute hura amaitzeko. «Ez genekien oso ongi zein material erabili», aitortu du Iribarrenek. Praktikarekin, trebetasuna hartu dute, eta denbora gutxiagoan bukatuko dituzte gainerakoak. Hiru astean egiten dute burua, eta neurriak dituztenez, asteburu bakar batean egitura. Iribarrenen ustetan, makurrena arropak egitea da. Herri bakoitzeko emakume batzuek hartu dutelan hori. Patroiak dituzte horretarako, baina ia lau metrokoak dira erraldoiak, eta denbora beharko dute bukatzeko.
Lehenik eta behin, burua egiten dute: «Poliespanezko kortxoan hasten gara buruari forma ematen», azaldu du Iribarrenek. Paper-latzarekin egiten dute, eta gero, buztina, igeltsua, itsasgarria eta oihala erabiltzen dituzte erraldoiaren aurpegiko atal guztiak osatzeko. «Azkeneko geruza forma emateko pasta da. Horrekin fin-fina geratzen da, eta gainean margotzen dugu». Hala ere, margotu aurretik burua bitan mozten dute, eta barruko poliespana kentzen diote, asko pisatu ez dezan. Burua bukatuta, zurarekin egiten dute egitura.
Bikote bakarra
Normalean, bikoteka ikusten dira erraldoiak herriko festetan: emaztea eta senarra. Bakarka ariko dira, ordea, Aezkoako erraldoi gehienak. Bikote bakarra egingo dute: aetzen bikotea. Garraldan egingo dute emakumezkoa, eta Ariben ari dira gizonezkoa egiten. Beste herrietan, herria irudikatzen duen pertsonaia esanguratsuren bat hautatu dute. Abeltzain herria da Abaurregaina; horregatik, emakume behizain bat izango da haien erraldoia. Orbaitzetan ere, antzera. Behiak izan beharrean, ardiak izan dituzte kontuan, eta «artzain kontrabandista» bat egingo dute.
Abaurrepean, berriz, herriko kondairak irakurriz aukeratu dute erraldoia. Lamien herria da, eta horiek gogoratu nahi izan dituzte erraldoiarekin. Hiriberrin ere istorio zahar batean aurkitu dute pertsonaia. Iribarrenek badaki zein den: «Kanpandorrean agertu zela kontatzen dute herriko zaharrek, eta umeak izutzeko erabiltzen zen». Arrepagorri da pertsonaiaren izena. Nolakoa den ez dakiten arren, aurkitu dute hura irudikatzeko modua. «Arrepa hitzak gona esan nahi du, eta, beraz, gona gorria duen emakume bat egin dute». Orbaran, berriz, Joanes Iriatertekoa egin behar dute. Iribarrenek dioenez, herriko pertsonaiarik «xelebreena» izan zen. Garaioakoa akordeoilari bat izango da, akordeoilari asko dagoelako bertan, eta Ariakoa, mus jokalari bat. Ariakoa dela erakusteko, sudur handia jarri diote. «Begia kliskatzen ari da, eta iruzurrean ez badago behintzat, hogeita hamaika izango ditu eskuan».
Jaioberri erraldoiak
Bederatzi erraldoi egingo dituzte auzolanean Nafarroako Aezkoa ibarreko herritarrek; bat herri bakoitzekoAezkoako Egunean aterako dituzte lehen aldiz dantzara, Garraldan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu