Gregorio Eizagirre da Tolosaldea Sahararekin Elkarteako kideetako bat. Orain dela zazpi urte hasi ziren Saharako haurren elkartasunaren aldeko egitasmoarekin, eta Eizagirre baikor mintzatu da Tolosaldeko herritarrek izan duten sentsibilizazioaren inguruan: «Urtez urte, gero eta jende gehiagok hartzen du parte egitasmo honetan, laguntza eman nahi baitute. Tolosako Udalak pisu bat utzi zigunean, adibidez, laguntza handia jaso genuen berritzeko garaian, eta eskertzekoa da hori». Eizagirrek azaldu du, haurrei urduritasuna azaleratzen zaiela etxera itzultzeko astebete falta denean. Gainera, haurren bidaia aprobetxatuz, Euskal Herritik botikak eta beharrezkoak diren hainbat elementu bidaltzen dituzte, haurren senitartekoek ere bizi kalitatea hobetu dezaten. Bestalde, Eizagirrek garbi esan du Saharako haurrei laguntza ematearen arrazoia, Espainiaren eta Marokoren jarrera ezkorragatik dela, eta egoera hori «lehenbailehen» bukatu nahi dutela adierazi du.
Agur festa baino gehiago
Herritar guztientzakoak diren jolasek emango diote hasiera Agur festari, 17:00etan. Ondoren, 19:00etan ekitaldi politikoa egingo da, eta, hor, Fronte Polisarioko ordezkaritza eta Tolosaldeko udaletako ordezkaritza izango dira. Horren segidan, manifestazioa egongo da, Alde Zaharretik hasita, eta Mendebaldeko Sahararen askatasuna aldarrikatuko dute. 21:00etan, herri afaria egongo da, baina bakoitzak bere afaria eraman beharko du. Amaitzeko, 22:30ean, Gdeim Izik musika talde sahararrak kontzertua eskainiko du.