A ma birjina, San Jose, Jesus umea, aingerua, Errege Magoak eta artzainak ohiturazko jaiotzen pertsonaiak dira. Kenyakoa, berriz, bitxia da. «Ez duzue ezer berezia ikusten?», galdetu du Lafraguak. Kenyako jaiotzako Maria eta Jose artzainak dira, eta Afrikako animaliez eta landareez inguratuta daude. Afrikako, Amerikako, Asiako eta Europako jaiotzak ikus daitezke Santxotena Tailer Museoan, Artziniegan (Araba). Guztira, 60 lurraldetako 300 bat jaiotza bildu dituzte Teresa Lafragua Munduko Jaiotzen Erakusketako zuzendariak eta Xabier Santxotena artistak.
Toki hauetako jaiotzak bildu dituzte: Amerika (Mexiko, Peru, Txile, Paraguai, Kolonbia, Holandarren Antillak eta abar), Afrika (Kenya, Ghana, Kongo...), Europa (Italia, Suedia, Portugal, Frantzia, Euskal Herria, Herrialde Katalanak...) eta Asia (Txina, India...). «Ez da bilduma bat, kulturen arteko topaketa bat da». Izan ere, Jaiotza bakoitza jatorrizko kulturaren isla da. «Ezer esan gabejakin daiteke Peruko jaiotza zein den; atzean, Machu Picchu ikusten da, eta pertsonaien janzkera hango soinekoak dira». Jaiotzen bitartez mundutik bidaiatzeko aukera ematen du erakusketak.
Jaiotzetako piezak jatorrizko lurraldeko materialekin eginak daude: Afrikako jaiotzak egurrezkoak dira, Kolonbiako jaiotzetan kafea ikus daiteke, edo kakorratzez eginak daude, eta Ugandako jaiotza alanbrearekin eta bananondoko hosto lehorrekin egin dute.
Teresa Lafragua eta Xabier Santxotena duela hamabi urte hasi ziren munduko jaiotzak biltzen. «Bozateko museoa ireki genuenean, 34 jaiotza erakutsi genituen, gehienak herriko lagunek utzitakoak». Zaletasuna sortu zutela esan du Lafraguak, hurrengo urteetan Elizondoko dendetan jaiotzak jartzen hasi ziren eta.
Pixkanaka, 300 jaiotza baino gehiago bildu dituzte: lagun bat Mexikon egon zen, eta hango jaiotza koloredun bat ekarri zien; eta Asian, zetaren ibilbidean lortutako jaiotza bitxi bat.
Zaila egiten zaio bat aukeratzea: «Guztiak dira politak, bakoitzak bere berezitasunak ditu». Kolonbiatik ekarritakoak bereziki estimatzen ditu. Santxotenak artelana aurkeztu behar zuen Kolonbian, eta, han zeudela, jaiotza erakusketa batera joan zen Lafragua. Han, Cecilia Vargas zeramistaren piezak ikusi zituen. «Alabarekin harremanetan jarri nintzen, eta piezak ez zeudela salgai esan zidan». Baina Lafraguak segi eta segi, eta orain Artziniegan ikus daiteke Kolonbiako jaiotzabat. «Jaiotza paketatzen zegoela negar egin nuen». Jaiotza ez ezik, bereziak dira piezak lortzeko izan dituen historiak ere.
Jaiotzak erakustea «opari bat» dela aitortu du Lafraguak. «Munduko leku askotatik ekarri dizkidate, eta nik opari hori jendeari egiten diot». Landutako gozamen bat dela aitortu du. Ostegunetik larunbatera, 11:00etatik 13:30era eta 16:00etik 19:00etara, eta igandetan 11:00etatik 14:00etara egongo da irekita erakusketa.
Umeentzako bereziki egindako tailerrak prestatu ditu: indiako ipuinak, munduko musika eta jaiotzak elkartzea eta abar. Ikastetxeek (0034) 945-39 66 64 telefonora deitu behar dute tailerren berri izateko.
Jaiotzak munduaren isla
Artziniegako Santxotena Tailer Museoan 300 bat jaiotzaren erakusketa egin dute. Munduko 60 herrialdetatik ekarri dituzte, eta bakoitzak bitxikeria bat du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu