Maratila. Ane Muñoz

Jakituria sakelan

2010eko abenduaren 31
00:00
Entzun
Bost lagun auto berean sartuta hirigunea zeharkatzen ari ginela, ustekabean auto ilara bortitz batek erdi-erdian harrapatu gintuen. Jakina, egunotan kaleak dauden bezala, autoak ez aurrera ez atzera, stop, bi metro eta berriro stop. «Hau repanocha da», esan zuen batek. Zer? Hitz zahar horren esanahiarekin bueltaka eztabaidan hasi ginen, eta, halako batean, kopilotuak benetako esanahia argitu eta bost sinonimo bota zituen jarraian. To eta no. Hamar minutu eta bi metro geroago, «ikusi al duzue ez dakit noren azken filma? Ez dut izenburua gogoan…». Esaldia amaitu orduko gure kopilotu jakitunak erantzuna ezpainetan zuen. Gidariak Urtezaharrean Salamancara zihoala eta hotzaren beldur zela kontatu zigunean, berriz, «ba gaur 6 gradutan daude, baina lasai, biharko termometroek gora egingo duteeta». Orduan jabetu nintzen gure kopilotu azkarra Olentzerok ekarritako sakelako modernoarekin ari zela, garai bateko Peteteren liburua edo black&decker-aren bertsio berria balitz bezala boterea eskuetan, kar-kar.

Eta zer esango diot, ezetz, ez duela balio erantzuna makina batek ematea? Nola konbentzitu burua lantzea, ikastea eta jakitea dela onena? Beharbada, egun ikasia izatea ordenagailu eta teknologia berrietan adituak izan eta horiez baliatuz zer edo zeri erantzuteko gai izatea baita. Azken finean, jakitearen eta jakituria sakelan eramatearen arteko ezberdintasuna besterik ez da, ezta? Ba, ez. Izan ere, ordu erdi geroago tunel luze batean sartu ginen, eta orduan bai, agerian geratu zen kopilotuaren ezjakintasuna. Alegia, telefono seinalerik ezean, akabo, erantzunik ez. Hura bai, repanocha.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.