James Brown Japonian jaio zen

Osaka Monaurail taldea funkaren erreferentzia da, bai uhartean, bai nazioartean, eta Donostian arituko da

Erredakzioa
2010eko azaroaren 24a
00:00
Entzun
James Brown bizirik ikusi dutela diote batzuek, eta japoniarra dela. Osaka Monaurail taldea maisua da Japoniako arterik beldurgarrienean: Mendebaldeko ikonoak hartu eta originala baino perfektuagoak diren kopiak sortzeko bidean. Gaur Donostian arituko dira, kalitateko musika ez ezik ikuskizuna ere jartzen agertokian.

Japoniako talde ezagunenetako bat da Osaka Monaurail. FujiRock jaialdiko talde nagusia izan dira, besteak beste. Ryo Nakatak sortu zuen, 1992. urtean, eta hasieratik argi zuen helburua: funk hutsa eta zuzena jotzea James Brownen estiloan. Izena ere haren kanta batetik atera zuten: It's not the express, It's the Jb's monaurail. Hasieran 20 bat musikari ziren, baina taldea murriztu egin zen luze gabe.

Helburua bete dutela ematen du, James Brownekin aritutako Marva Whitney abeslariak japoniarrekin aritzen da askotan, eta haiekin disko bat grabatu zuen-I Am What I Am (Freestyle Records)-, estudioetara sartu gabe 35 urte baino gehiago eman ondoren. Osakatik Tokiora joan da taldea bizitzera, eta antzinako tresnak erosi dituzte, garai bateko soinua lortzeko. Jantzi retro-z uniformaturiko zortzi bat musikari espero dira Donostian, zuzeneko musika zehaztasun osoz jotzen, eta, aldi berean, dantza zorrotzez jolasten taularen gainean.

OSAKA MONAURAIL

Noiz. Gaur, 20:00etan.

Non. Gasteszenan, Donostia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.