San Frantzisko Xabierkoa izan zen lehena Yamaguchi eta Iruñeko herrien artean lotura egiten, 1551. urtean bertako jendea kristautzen aritu baitzen. Horren ondorioz, lau mende geroago, 1980an, bi udalak senidetu egin ziren, eta geroztik Yamaguchiko hainbat erreferentzia daude Nafarroako hiriburuan, esate baterako, Yamaguchi parkea eta bertan dagoen japoniar lorategia.
Donibane auzoan kokatuta dago, Iruñeko hego-mendebaldean, Alde Zaharretik oinez 30 minutura. Lehen industrialdea zen, baina hiriak izan duen garapena dela eta, bizitegi gune bihurtu da. 80.000 metro koadroko azalera du, eta japoniar lorategian dauden 600 landare eta 400 bat zuhaitzez gain, planetarioa, San Frantzisko Xabierkoari eskainitako monumentua eta Oteizaren eskultura bat daude.
Ikusgarriena, dudarik gabe, lorategia da. Japonian VII. mendean hasi ziren era honetako lorategiak egiten. Urteetan estiloa aldatuz joan bada ere, denek lau urtaroak irudikatzen dituzte, eta Iruñean ere horrela da. Diotenez, lorategiak harrabotsetik urruntzea ahalbideratzen du, eta, bidenabar, harreman espiritualera hurbiltzen du. Lorategia lasaitzeko erabiltzen dute, baita egunerokotasunaren gorabeheretatik ihes egiteko ere.
Kouichi Tatarak diseinatu ditu lorategiko 4.000 metro koadroak. Aintzira baten inguruan dago, eta horren itzulia egiterakoan lorategiaren bitxikeriak ikus daitezke. Ur gainean azumaya dago (egurrezko etxola), eta irokoz, pinuz eta astigarrez egindako aterpea da. Zutabe batzuen gainean eraikitako zola da, baranda batez inguratua eta teilatu batekin. Lorategi erdian dago, eta lau haizeetara irekia izaki, ikuspegi paregabea eskaintzen du gainerako lekuez. Bertako etxebizitza baten irudia zuen egin zutenean, baina laster paretak izorratu ziren, jatorrizkoen antzera ehunez eginak baitziren.
Azumayan jarrita egotea baino ibiltzea nahiago dutenentzat, bidexka batek aintziraren itzulia egiten du, ikustekoak diren guneak elkarren artean lotuz. Urak garrantzi handia du Japoniako kulturan eta bizimoduan, eta lorategian islatzen da. Ibaiak dauden lekuan zubiak beharrezkoak dira, eta horiek ishibasi izena dute Japonian. Europan dauden zubietatik ezberdinak dira, gehienetan ez baitute barandarik. Yamaguchi parkean dagoena granitozko arku soil batez osatuta dago. Bertze munduko indarrekin bat eginez, japoniarrentzako zubiek zentzu espiritual anitz dute: batetik, biziaren bidea irudikatzen dute; eta, bertzetik, gizarteak ura menderatzen duen bitartean, miresten du. Gizakiek ibaiak menderatzeko asmatutako tresnak dira, baina alde guzietara irekiak izaki, uraz gozatzeko ikuspegi paregabeak eskaintzen dituzte, baita gainean jarrita momentu batez pausatzeko aukera ere.
Horren azpitik iragaten da takia edo ur-jauzia. Urak duen ibilbidea erakusten du: mendian hasten da, eta leku malkartsuetan ibili ondoren, itsasoan edo kasu horretan aintziran bukatzen du. Horrek ere filosofiarekin zerikusia dauka. Banbutsu Ruyten deitzen duten egia irudikatzen du. Gauza guziak sortzen dira eta aldatzen dira. Metro gutxian, eta eskala txikian bada ere, uraren eta gizakiaren historia kontatzen du lorategiko izkinak: mendiko iturrietan hasi, eta maldan behera abiadura hartu ondoren, berriro lasaitasunera itzultzen da bukaeran.
Ura eta lurraren muga ez da beti hain argia izaten, eta zingirak sortzen dira. Japonian anitz daude, eta, beraz, hori irudikatzea ere ezinbesteko iruditu zaio Tatarari. Zubiekin ura menderatzen jakin duten bezala, horiekin ere antzeko zerbait egin dute, gainean zurezko pasabideak eraikiz. Leku horiek yatsubashi izena dute Japonian.
Inguru horietan landare bereziak sortzen dira, hezetasun handia behar dutenak gehienak. Parkea egin zutenez, Japoniako landareak ekarri nahi izan zituzten. Baina airearen hezetasunean alde anitz zela eta, hemengo zingiretan agertzen direnak paratu zituzten, lezkak, adibidez. Hein handi batean aintzirak itsasoa irudikatzen du, eta, beraz, hango hondartzak nolakoak diren ikus daiteke. Europan gehienak harezkoak badira, Japonian harrizkoak dira nagusi. Haiek suhamak deitzen dituzte.
Lan arrunta badirudi ere, obrak hiru hilabete iraun du, eta parkeko arduradunak harritu dira hango teknikariek harria kokatzeko orduan ematen dioten garrantziari. Diotenez, zuhaitz eta landareak jartzen baino denbora gehiago pasatu dute horretan. Ahalik eta kutsu Asiatiko handiena eman nahi izan badiote ere, material asko bertakoa da, eta landare eta zuhaitzei dagokionez, gauza bera, eguraldiaren ezaugarriak kontuan hartu behar izan dituztelako. Guztira parke osoan 74 zuhaitz mota daude, baina lorategian bat bereziki nabari da: gereziondoa, Japoniako zuhaitz nazionala delako. Udaberrian kutsu berezi bat ematen dio, bazter guziak lore zuriz jazten baitira. Animaliei dagokienez, bertan laketu diren batzuk besterik ez dira, hala ahateak eta zozoak nola iruindarrek askatutako arrainak.
Munduko kupularik handiena
x.harriagueIruñea
Yamaguchi parkean zeruak eskaintzen dituen ikuspegi ederrenetarikoez goza daiteke, bertan baitago Iruñeko planetarioa. Urte osoan astronomiari buruzko ikuskizunak eskaintzen dituzte, haur eta helduentzat. Zinema areto baten antza du. Baina pantaila buruaren gainean izaki, zerua begiratzea balitz bezala dirudi, eta bertan botatzen dituzte planeten, ilargiaren eta izarren irudiak. Kupula edo borobil formadun pantaila munduko handiena da, 20 metro ditu alde batetik bertzera. Igandean izan ezik egunero irekia dago, eta programazio aberatsa dauka partikularrentzat eta eskolentzat. Urtean 100.000 lagun baino gehiagok bisitatzen dute.
Bestalde, duela bi urte Iruñeko Udalak San Frantzisko Xabierkoaren sortzearen 500. urteurrena aprobetxatu zuen parkean santuaren eskultura bat jartzeko. Faustino Aizkorbek egindako obrak urrunera begiratzen duen brontzezko santua irudikatzen du. Jantzia goitik behera irekia du, eta bihotzean kristauen gurutzea darama. Antzeko eskulturak daude Japonian, Txinan eta Indian, Aizkorbek eginak hirurak.
Parkean dagoen bertze eskultura nagusia anitzez abstraktuagoa da. 1997an paratu zuten Jorge Oteizaren Momentu espirituala. Artista gipuzkoarraren Kutxen Desokupazioaren seriekoa da, azken garaikoa, 50eko hamarkadakoa. Kanpoko erakusketa baten zati da, Iruñeko bertze hainbat lekutan dauden Oteizaren bertze bost obrekin batera. Burdinazkoa da eta guztira 20 bat tona pisatzen du, baina nahiko egoera txarrean dago, gainean egin diren pintadengatik.
Hala ere, ezin da erran giro txarra egoten denik Yamaguchi parkean. Udaleko arduradunek azaldu dutenez, ez da erreferentzia bihurtu turistentzat, baina bai, berriz, inguruan bizi diren helduentzat eta gazteentzat. «Bizitza handia dauka. Igandero jende anitz joaten da paseatzera, baita arratsetan ere. Gurasoak parkean zehar ibiltzen diren bitartean, haurrak futbolean edo beisbolean aritzen dira. Ez dakit Japoniako kulturarekin bat egitea lortu dugun ala ez, baina argi dago lasaitzeko leku polita dela».
ParKearen GIDa
Parkearen izena: Yamaguchi.Nola ailegatu: Iruñeko hego-mendebaldean dago Yamaguchi parkea; Errioxa kaleko baratzeen eta unibertsitate klinikaren ondoan, alde zaharretik 2 kilometrora. Udaletxeko plazatik abiatu, eta Kale Nagusira joan San Saturnino kalean barna. Gero, Basotxo kaletik eta Pio XII.aren etorbideik jarraitu. Ordu erditxo baten buruan eskuinean izanen duzue Errioxa kalea eta Yamaguchi parkea.
Autoan, A-15etik etortzean 97 irteeran atera. Nafarroa etorbidea hartu, eta lau biribilgune zeharkatzean, ezkerrera egin Barañaingo etorbidean; hor bertan dago eskuinaldean Yamaguchi parkea.
Parkearen datuak: 1997an inauguratu zen. 80.000 metro koadro, horietako 4.000 japoniar lorategia.
Zuhaitz eta landare espezie aipagarrienak: 74 motatako 400 zuhaitz daude. Gehienak astigarrak dira, baina idi bihotz zuhaitzak, haritzak, sekuoia eta gurbe anitz daude. Japoniar lorategian, gereziondoak dira nagusi.
Fauna: Ez dago animalia berezirik, baina ahate batzuk bizilekutzat hartu dute, eta jendeak arrainak askatu ditu aintziran.
Erabilera baldintzak: Bizikletaz eta oinez goza daiteke parkeaz, eta baita patinez ere. Leku aproposa da piknik egiteko eta kirola egiteko.
Ordutegia: Parke publikoa da, beraz, irekia dago une oro. Goizean goiz lasaitasuna da nagusi, eta orduak aitzinera joan ahala herritarren joan-etorriak bizia ematen diote.
Parkearen jabetza: Publikoa.
Informazio osagarria: Iruñeko turismo bulegoa: Hilarion Eslava kalea, 1 edo www.turismo.navarra.es.
Bisita birtuala: www.visitas-virtuales.com/red948/yamaguchi.htm .