Ezintasunak ez dakarrela ezinik. Hori da Nafarroako Sindrome Up elkartearen filosofiaren oinarrian dagoen ideia. Jarrera bat da aldarrikatzen dutena: irribarrearena. Diotenez, ez dute botila erdi hutsik ikusten, ezta erdi beteta ere; edan egiten dute. Otsail aldera sortu zen elkartea, bi aitaren eskutik. Down sindromea duten seme bana dute Iñigo Alli eta Mariano Oto iruindarrek, eta sarearen bidez eman zuten beren esperientzen eta bizipenen berri. Haien hitzek oihartzuna izan, eta hurbilduz joan zitzaien jendea, eta hala sortu zen elkartea. «Kutsakorra da up sindromea», Alli eta Otok azaldu dutenez, eta argazki erakusketa bat antolatu dute horregatik Iruñeko Garcia Ximenez kalean, beren jarrera jendeari kutsatzen saiatzeko.
Ezintasun motaren bat duen senideren bat daukaten pertsonak ageri dituzte argazkiek, eta kale guztia hartzen dute alderik alde. Irudi handiak dira,izan ere, 1,5x1,5 metrokoak; handiak eta alaiak, irribarreak baitira nagusi erretratatutakoen aurpegietan. Elkarteak aldarrikatzen duen optimismoa irudikatu nahi dute, eta hitz banak laguntzen ditu erretratuak. «Maitasuna», «pasioa», «aurkikuntza», «nekaezintasuna»... Jesus Caso, Jose Carlos Cordovilla eta Sergio Morales argazkilari boluntarioenak dira irudiak, eta igandera arte izango dira kalean.
Iruñea inguruko familiak dira irudietan ageri diren gehienak, eta maiz errepikatzen da eszena, horregatik. Erretratuen parean erretratatzen du bere burua jendeak. Argazkietan ageri direnen senideak dira gehienetan. Sindrome up elkartearen asmoa ez da oso bestelakoa: ezinduak diren pertsonekin dugun bizikidetza sustatzea. «Haiekin lotzen gaituzten gauza guztiak ikusarazi nahi ditugu, haiengandik bereizten gaituztenetan zentratu beharrean».
Ohikoa izaten dira depresioak Down sindromedun haurrak izango dituztela jakiten duten gurasoen artean, eta, halakoetan, sostengua eskaintzea da elkartearen asmoetariko bat. Informazioa ematea, baita laguntza moduko bat eskaintzea ere. Ondoan egotea.
Kongresua eta tailerrak
Argazkienaz gain, astebururako bestelako ekitaldi bat ere antolatu dute: Up Sindromearen I. Kongresua. Bihar hasiko da eta etzi bukatu. «Besarka ezazu ezintasuna» izango da haren leloa, eta Down sindromea duen jendearen senideentzat eta haiekin lan egiten duten profesional eta boluntarioentzat da. Gizarte osoari egin diote, halere, antolatzaileek Iruñeko Civican zentrora biltzeko gonbita.
Bikoitza izango da topaketa, tailerrak ere izango dira. Ezintasuna dutenek eta ezintasunik ez dutenek bizipenak partekatzea da xedea, eta zabala eskaintza: sukaldaritza, kazetaritza, magia, dantza... Gonbita egin du Allik: «Animatu egin nahi ditugu etxeko txikienak ezintasuna duten neska-mutilekin esperientzia hau bizitzera eta elkarrekin ikastera».
Doakoa da parte hartzea, baina izena eman beharra dago aurrez elkartearen web orrialdean: www.sindromeup.org.
Jarrera baten erretratua
Ezintasun motaren bat duten pertsonak ageri dituzten 24 argazki jarri ditu Sindrome Up elkarteak Iruñeko erdiguneko kale batean, eta kongresua antolatu dute astebururako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu