Osasuna. Elikadura

Jateko antsietatea

Beste gauza askorekin gertatzen den antzera, jaten ere ikasi egin behar da. Behar bezalako dieta orekatua mantentzea izan behar du jatekoaren helburua, baina askotan oreka galtzen dugu eta antsietatez elikatzen gara, desorekak bideratuz.

Arantza Lorenzo.
2011ko otsailaren 1a
00:00
Entzun
Nutrizio desorekak eragiten dituen arazoa da antsietatea. Izan ere, bizitzeko, jaten ikasi behar dugu. Ez baita osasuntsua jateko bizitzea. Helburu nagusi bat izan behar dugu: dieta orekatu, askotariko eta osatu bat egin, eta gure nutrizio beharrak bere neurrian asetu. Jateko antsietatea eta tripakadak kaltegarriak dira, gorputzean sortzen duten desoreka fisiologikoaz gain, hainbeste eta modu konpultsiboan jateak frustrazio eta kulpa sentimenduak eragiten dituelako.

Arazoaren zergatia

Maiz, gehiegizko kezken ondorioz sortzen den urduritasuna bideratzeko modu desegokia izan ohi da.

Bizitzako une edo garai jakin batzuetan handiago aizan daiteke horrelako elikadura desordenak jasateko arriskua; batez ere, ohikoa denarekiko aldaketak gertatzen direnean: ordu aldaketak; lan/etxe aldaketak; azterketa garaiak; dieta desorekatuak; hormona arazoak; nekea...

Sintoma posibleak

Urduritasuna edo ezagutzen ez dugunaren beldurra; barne hutsunea; itxaropen falta; ezinegona; izerdi hotzak; buruko edo/eta tripako mina; aho lehorra; zorabioak; nekea; suminkortasuna; bihotz erritmo azkar eta irregularra; lo egiteko zailtasunak; pentsamendu negatiboak, eta abar.

Nola ekidin

Bereizten ikasi: Gosea eta antsietatearen artean bereizten ikasi behar da. Sentitzen dena antsietatea bada, horren arrazoiak arakatu beharko ditugu.

Otorduak errespetatu: Ez otordurik huts egin, eta ez jan ezer haietatik kanpo.

Ordenaturik: Otorduak eserita, denbora eskainiz eta modu ordenatuan egin, platerak nahastu gabe.

Mokadurik ez: Zure anoa edo errazioa hartu ondoren, kendu erretilua edo kazola mahaitik, mokaduak ekidite arren.

Bukatzean, bukatu: Otordua amaitzean, mahaitik altxatu.

Planifikatu: Dieta osasuntsu, orekatu eta askotarikoa lortzeko, menuak denborarekin egin.

Beste ekintzarik ez egin: Jaten ari zarenean, ez beste ekintzarik egin (telebista ikusi, irakurri, telefonoz hitz egin…). Kasu horietan despistatu egiten gara; garuna beste seinale batzuetara dagoenez, ez zaio asetasun seinalea iristen.

Mantenugai lagungarriak: Lasaigarri diren mantenugaiak eta berauek aurkitzen diren janariak hauek dira:

Magnesioa: Barazkiak eta fruta fresko eta lehorrak

B6 bitamina: Zitu integralak, intxaurrak, haragiak, arrautza gorringoa eta esnekiak.

Omega 3 gantz azidoak: fruitu lehor eta arrain urdinetan.

Proteinak: Proteina ugari dituzten elikagaien kontsumoa apur bat gehitu, asetasun sentipena ematen duen hormonaren maila igotzeko. Adibidez: lekaleak (dilista, garbantzu, babarrun, soia...) arrozarekin; arraina; haragia, arrautza, esnekiak...

Fruitu lehorrak: Hamaiketako edo askari gisa, gosea baretzen duten fruitu lehor batzuk hartu (3-4 intxaur, 10-15 almendra-hur-pistatxo...).

Zuntza: Zuntz ugari dituzten janarien kontsumoa areagotu (frutak, barazkiak eta produktu integralak), urdailean betetasun sentipena eragiten dutelako

Ura: Litro bat edo bi litro ur inguru edan egunero.

Ariketa fisikoa: Gustuko duzun ariketa fisikoa praktikatu.

Ekintza zerrenda egin: Pentsamendua jatekotik urrutiratzeko, gustukoak dituzun eta osasunerako onak izango diren ekintzen zerrenda bat osatu.

Erlaxazioa: Erlaxatzen ikasi, antsietatea sortzen duten tentsioak baretzeko eta jaten ez amaitzeko.

Maitatu zeure burua: Onartu, maitatu zeure burua. Guztiok ditugu baloratzeko diren alderdi onak. Zuk ere bai. Hobeto sentitzeko lehen pausoa da. Izan ere, antsietatea maiz autoestima faltaren ondorioa da.

Nola tratatu

Askotan ez da erraza izaten gaixotasun hau diagnostikatzea, nerbio hutsak direla pentsatzen da, eta hainbatek bere hartan jarrai dezake denbora luzean. Jateko antsietatea zerk eragiten duen aztertu behar da lehenik, sakoneko kausa tratatu gabe zaila baita egoera gainditzea.

Eri horiei lagundu eta tratatzeko bai elikadura eta psikologi jokabideak dira landu beharrekoak. Beraz, bi profesional horien laguntza ezinbestekoa da: psikologoa eta nutrizio aditua. Horiekin batera, oso lagungarriak dira erlaxazio teknikak eta neurrizko ariketa fisikoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.