Kantitate txikitan behar ditu gure organismoak. Halere, ezinbestekoak dira gorputzaren garapenerako, funtzio biologiko guztietan parte hartzen dutelako; hau da, gorputzak egiten dituen ekintza guztiek mineral bat edo beste behar izaten dute. Gainera, mineral askok gorputz ehunen egiturak osatzen dituzte. Hori dela eta, mineralen gabezia edo anizkeria osasun arazoak ekar dezake.
Kaltzioa, magnesioa, potasioa, fosforoa, fluorra, iodoa, burdina, eta sodioa dira jaten ditugun mineral nagusiak.
Kaltzioa
Hezurrak eta hortzak behar dute mineral hau, eta ehun hauetan kontserbatzen da erreserba moduan, beraien garapen egoki bat ziurtatzeko eta eskeletoaren gogortasuna eta sendotasuna mantentzeko. Gorputzean dagoen kaltzio gehiena hezurretan dago, baina gihar ehunean, odolean eta burmuinean ere metatzen da kaltzioa.
Bere eginkizun nagusiak honako hauek dira: nerbio sistemaren eta loaren normaltasuna lortzea, giharraren kilikaberatasuna geldiaraztea, eskeletoaren garapenean parte hartzea, tentsio arteriala mantentzea, gibelaren oreka lortzea eta odolaren koagulazioan parte hartzea.
Organismoan kaltzioa falta denean, osteoporosia sor daiteke. Kaltzioan aberats diren elikagaiak esnea eta esnekiak, ogia, okela, tomatea eta patatak dira.
Magnesioa
Gorputzaren metabolismoan parte hartzen du; hori dela eta, gure gorputzean gertatzen diren erreakzio kimikoak areagotzen ditu. Informazio genetikoa lortzeko prozesuetan parte hartzen du, era berean.
Frutan eta barazkietan aurkitzen da batez ere, esaterako, klorofila dituzten fruta eta barazkietan, hau da, berde kolorea dutenetan.
Potasioa
Nerbio sisteman parte hartzen du, baita bihotzaren funtzionamenduaren erregulazioan ere. Potasioaren gabeziak bihotzaren erritmoa desegokitzen du. Bestetik, potasioak sodioa ezabatzeko prozesua erregulatzen du. Potasioaren iturri nagusiak barazkiak eta frutak, fruitu lehorrak eta lekaleak dira.
Fosforoa
Gorputzean, hezurrak, artikulazioak eta kartilagoak osatzen ditu, beste mineral batzuekin batera; odolaren egonkortasuna ziurtatzen du, eta errendimendu psikikoan ere parte hartzen du. Dietan fosforo gehiegi edo gutxiegi hartzeak kaltzioaren absortzioari kalte egiten dio; hori dela eta, neurri egokian hartu behar da. Elikagai askok dute kaltzioa bere konposizioan, baina batez ere gosaltzeko zerealetan, fruitu lehorretan, okelan eta arrautzetan aurkitzen da fosforoa.
Fluorra
Hortzei gogortasuna ematen dien minerala da. Hezur ehuna ere gogortu egiten du, baina, gehiegi hartuz gero, kontrako efektua lortzen da, eta fluorosia azaltzen da. Fluorosia hortzak ahultzen dituen gaixotasuna da, artikulazioetarako ere ez da egokia fluor gehiegi hartzea, akilosatzen direlako. Fluorra duten elikagaiak ura, te beltza, arraina eta itsaskia dira.
Iodoa
Tiroideak tiroxina sortzeko erabiltzen duen minerala da. Hormona hau oso garrantzitsua da metabolismoa aktibatzeko. Iodoaren ingestioa desegokia bada, guruin tiroideoa tiroxinaren produkzioa aldatzen du, metabolismo arazoak sortuz. Iodoa dituzten elikagaiak algak, arraina, itsaskia eta gatz iododuna dira.
Burdina
Hemoglobinan parte hartzen du, odolaren pigmentu gorria baita. Gorputzak hiru edo lau gramo burdina dauka, eta heren bat odolean dago. Burdin faltak anemia ferropenikoa sortzen du, eta batez ere emakumeetan ager daiteke, kirolarien kasuan ere burdinaren falta ohikoa izaten da. Haragia, arraina eta arrautzak dira kalitate oneko burdina ematen dituzten elikagaiak. Badira barazkiak burdina kantitate handiak ematen dituztenak, baina gorputzak ez ditu hainbeste erabiltzen.
Sodioa
Gorputzaren atal askotan aurkitzen da, esate baterako, ehun bigunetan, odolean eta zelulen kanpo inguruan. Odolaren bolumena eta gorputz likidoak erregulatzen ditu. Ezinbestekoa da nerbio inpultsoak sortzeko eta transmititzeko. Organismoan sodio kopuru handia izateak hipertentsioa eragiten du; aldi berean, sodioaren faltak tentsio jaitsiera, gihar zainelduak eta nekea sortzen du. Sodioan aberatsak diren elikagaiak gazta, hestebeteak eta kontserbak dira.
Osasuna. Elikadura
Jaten ditugun mineralak
Kaltzioa, potasioa, fosforoa... Hainbat dira gure dietan jaten ditugun mineralak. Guztiak dira beharrezkoak, baina guztiak jan behar dira neurrian, gorputzak orekari eutsi diezaion.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu