Kortaturen kanten bertsio ye-yeak egiten diren garaiotan, zergatik ez eman jazz kutsu dotorea grungearen erregeen musikari? Hori eta gehiago entzun ahalko da gaur eta bihar Hondarribian (Gipuzkoa), jazzari eskainiriko ekimenean.
Kurt Cobain eta haren lagunen kantuak jazzaren hizkuntzara ekartzen ditu Nevermind Triok.Nirvanaren Nevermind diskoa mugarria izan zen 1990eko hamarkadan, eta Cobainen suizidioak hilezkortasuna ziurtatu zion estatubatuarren musika garratz eta indartsuari. Jorge Abadias gitarristak, Aritz Luzuriaga baxu jotzaileak eta Hasier Oleaga bateria jotzailea, Nirvanaren formatua berpiztu dute. Jazz musikan prestakuntza handia dute musikariok, eta egitasmo askotan ibili dira; eskarmentu hori nabarmena da Nevermind Trion. Grungearen praka zulatuez harago, egungo jazzera eta musika garaikidera eramaten dute Cobainek utzitako arrastoa.
Jazz tradizionalagoa bihar
Miguel Salvador Projectek jazz tradizionalagoa joko du igandean. Miguel Salvador gitarristak dio zorretan dagoela Pat Metheny, John Scofield, Kurt Rosenwinkel eta Peter Bersteinekin, zein Jim Hall eta John McLaughlinekin, eta zor hori kitatzeko asmotan dabil egitasmo horrekin.
HONDARRIBIA JAZZ
Nevermind Trio. Gaur, 19:00etan, Arma plazan.
Miguel Salvador Project. Bihar, leku eta ordu berean.
Jazzaren bitartez, Nirvanara
Grungea jazzaren erara itzultzen du Nevermind Triok, eta gaur izango da entzuteko aukera, Hondarribian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu