Plaza giro

Jende asko, diru gutxi

Urteroko legez, Lur Artisau Kolektiboak Eguberrietako artisautza azoka antolatu du Donostian. Artisauen lanak erosteko aukera dago urtarrilaren 5a arte.

Egurrekin egindako apainduren saltokia, Donostiako artisau azokan. ANDONI CANELLADA/ ARGAZKI PRESS.
Ilargi Agirre.
Donostia
2011ko abenduaren 31
00:00
Entzun
Familiatik datorkio artisautzarako grina Iratxe Unanueri. «Anaiak egurra lantzen du, eta Gasteizko azokan dago egun hauetan. Amak urteetan pintura eskolak eman ditu». Eibarko tailerra lekuz aldatu duela dirudi. Saltokiaren atzean,lanean ari da Unanue, pintzelekin margotu eta pintura lehortu ondoren, ongi itsasteko plantxatzen. Haurrentzako arropak saltzen ditu Donostiako Eguberrietako eskulangintza azokan. Urteroko ohiturari jarraituz, Lur eskulangile elkarteak antolatu du azoka. 38. aldia izango da aurtengoa.

Koldo Mitxelena Kulturunearen aurrean dago azoka, eta hogeita hamar eskulangile ingururen lanak ezagutu eta erosteko aukera dago bata bestearen atzean jarritako saltokietan. Bitxiak, zeramika, larrugintza edota zura lantzen duten eskulangileak aurki daitezke, beste batzuen artean. Unanuerena lehendabiziko urtea da, eta gustura nabari zaio. «Kasualitatez hasi nintzen, lagunentzat eta familiakoentzat nik egindako arropa oparitzen. Orain haurrentzat bakarrik saltzen dut,eta, aurretik eskatuz gero, helduentzat ere bai. Arropa erosi, eta gainean marrazkiak egiten ditut», azaldu du. Kikuko du bere tailerra. Bezeroen aldetik, harrera ona jaso duela dio, baina bizitzeko adina ez duela irabazten.

Kikuko saltokiaren parean dago El taller. Jean Luis Pichonek askotariko bitxi dotoreak saltzen ditu. «Frantziarra naiz, izatez, baina Nafarroan bizi naiz aspaldidanik. Hamabost urte dira hona natorrela». Eskulangintzari lotutako bizitza izan du betidanik; kalean hasi zela kontatu du,eta mota guztietako metalekin lan egin duela. «Orain zilarrarekin bakarrik dihardut. Nafarroan dudan tailerreko makinak ere nik egin ditut», dio harrotasun apur batekin. Azokaz azoka ibiltzen da urte osoan, eta uda Erdi Aroko merkatuekin betetzen du: «Krisiarekin gero eta zailagoa den arren, hemendik bizi naiz. Eskulangileak pertsona bitxiak gara».

Toki askotatik

Euskal Herriko eskulangileak ez ezik, kanpotik iritsitakoak ere partehartzen dute azokan. Galiziatik etorri da Carmen Armendariz. Kartoi gogortuarekin, horman zintzilikatzeko irudiak egiten ditu Charamusca tailerrean. «Arte ederrak ikasi nituen buztingintzaren arloan, baina ez neukan dirurik labea erosteko, etapaperarekin hasi nintzen lanean», esan du. Euskal Herria bereziki gustatzen zaio, eta ahal duen gehienetan parte hartzen du Donostiako Eguberrietako azokan. «Eskulangile izatea bizitzeko modu bat da; gure kasa, ordutegirik eta nagusirik gabe jardutea. Egiten ditudan piezek istorio bat konta dezaten nahi izaten dut. Ikusi hor dagoen ahuntz hori; lasterka alai datorrela ematen du». Krisiaren arrastoa nabaritu du Armendarizek; jendeak interesa erakusten duen arren, lehen baino gutxiago gastatzen duelako.

Saltokietan salgai dauden produktuek ikusmina sortzen dute azokara bildu direnen artean, baina gogoa ez da aski poltsikoetako hutsunea betetzeko. Aurrera eta atzera begira dabilen bat da Maria Molina: «Urtero etorri ohi naiz. Eguberrietako opariak egiteko oso ongi etortzen da, baina aurten ez dut ezer erosi».

Sarreran eta irteeran Edurne Ibañezek diseinatutako arropen erakusketa ikusteko modua dago. Birziklatutako materialarekin egindako jantziak dira guztiak. Urtarrilaren 5a arte egongo da irekita eskulangintza azoka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.