Miren Gaztañaga. Aktorea

«Jende askorekin lan egin ostean, nire lan propioa sortzeko beharra nuen»

Aktorea ez ezik, 'Stereo' lanaren sortzaile eta zuzendaria ere bada Miren Gaztañaga (Irun, 1975), Sagarroi taldeko abeslaria izandakoa. Gaur, Doka kafe antzokian emango dute antzerki lan hori.

JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
2012ko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
Euskal antzerkigintzan eta telebistan urteak eman ditu lanean Miren Gaztañaga aktoreak. Orain duela bi urte, bere sormeneko lehen lana kaleratu zuen, Stereo izenekoa. Gaur, Donostiako Doka kafe antzokian arituko da, 22:00etan, bere taldekideekin batera ikuskizuna eskaintzen.

Zertan datza Stereo, gaur Doka kafe antzokian emango duzuen ikuskizuna?

Orain duela bi urte nik sortutako performance txiki bat da. Antzerkia eta dantza uztartzen dituen 30 minutuko lan bat da. Hainbeste urtetan beste jende askorekin lanean aritu ostean, nirea zen zerbait sortzeko beharra neukan eta Stereo atera zen. Generoen inguruko kontua zalantzan jartzen du, nolabait. Generoen arteko hausnarketa bat da. Modu sinple batean, betiere, gizakia binomio horretan sartuta ulertu dugu, eta hori esploratuz, binomioa multipletasun batera bideratu nuen. Ondorio bezala, esan dezaket feminitatea ez dagoela soilik emakumeei lotuta, maskulinitatea soilik gizonezkoei lotuta ez dagoen bezala.

Zuk sortu, zuzendu eta antzezten duzun ikuskizun bat da Stereo. Nola sortu zitzaizun ideia hori?

Pentsatu nuen nik ere baneukala zerbait kontatzeko. Hortik hasita, autodiziplina gisa, diru laguntza bat eskatu nuen, eta diru laguntzari baiezkoa eman ziotenean ekin nion lanari. Nire behar hori betetzeko proiektu bat zenez, nire barruari begira jarri nintzen eta nortasunaren inguruko lan bat egiteko gogoa neukala nabaritu nuen.

Nolako esfortzua eskatzen du horrelako ikuskizun bat norberak bakarrik sortu, zuzendu eta antzezteak?

Gogo handia dudanez, oso gustagarria izaten ari da. Nik ere, hasiera batean, ez nekien nola egingo nion aurre horrelako proiektu bati; baina, behin gaia aukeratuta, entseguak egin eta grabatu egiten nituen. Ondoren, grabatutakoa etxean ikusi eta nola hobetu pentsatzen nuen, gaiaren inguruko informazio gehiago bilatzen nuen eta ideiak berriak praktikan jartzen nituen. Sortu, nik sortu nuen; baina bakarrik ez zoaz inora: talde bat sortu beharra daukazu. Soinu diseinua Ibon Agirrek egin du, eta Ainhoa Jauregi eta Ainhoa Resanok asko lagundu didate. Bakarrik hasi nuen ibilbidea taldean bukatu dugu.

Ikuskizunean, zein da helburua?

Nik bakarrik nagoenean neure buruari egiten dizkiodan galderak eta ditudan hainbat fantasia ikusleei zabaltzea da, agian, helburua. Baita ikusleei galderak sortzea ere.

Antzerkian, telebistan eta musikan ere aritu zara. Bat aukeratu behar bazenu, zein aukeratuko zenuke? Zergatik?

Ni oso saltseroa naiz, eta asko gustatzen zait gauza guztiak probatzea. Baina, bat aukeratzekotan, agertokia aukeratuko nuke, zalantzarik gabe. Antzerkitik nator eta, ziur asko, antzerkia da nire funtsa.

Zinemari emango al zenioke lekua zure bizitza profesionalean?

Zalantzarik gabe. Hala ere, konturatzen naiz aktore guztiak ez direla berdinak. Antzerkian urte asko eman dituzunean kosta egiten da kamera aurrean jartzea. Baina, denbora pixka batekin, edozertara moldatzen naiz.

Zergatik joan behar dute ikusleek gaurko ikuskizuna ikustera?

Bizi-bizi dagoen lan bat aurkituko dutelako, benetan gogoz egindakoa. Gainera, oso galdera interesgarriak egiten dira. Hortaz, etor dadila ikuspegi zabalago bat izateko gogoa duena!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.